INFO

EH Bilduk Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa eskatu du, «De Miguel kasua errepikatu ez dadin»

Hirugarren aldia da EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzea proposatzen duela. «Auzitegi Gorenak De Miguel auziari buruz eman duen epaiarekin EAJ eta PSEko aitzakia guztiak amaitu zaizkie», adierazi du Iker Casanova parlamentariak.

Iker Casanova, Gasteizko Legebiltzarrean. (Josu CHAVARRI | PARLAMENTO VASCO)

EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortu, ustelkeriari «aurre egiteko», diru publikoaren erabileraren gaineko kontrola eta ebaluazioa izateko eta salatzaileak «babesteko».

Proposamena egiten duen hirugarren aldia da. Lehenengoan, pasa den legealdian, ekimena tramitera onartu zen, baina Parlamentuak ezin izan zuen tramitazioa azken bururaino eraman hauteskundeak aurreratu zirelako, eta legea, beraz, onartu gabe geratu zen. Hori dela eta, koalizioak berriro aurkeztu zuen lege proposamena 2020an, legealdi honetan jada, baina orduan EAJk eta PSEk tramitatzeari uko egin zioten.

EH Bilduk espero du gobernukideek oraingoan lege proposamena tramitera onartzea eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzea. «Auzitegi Gorenak De Miguel auziari buruz eman duen epaiarekin EAJ eta PSEko aitzakia guztiak amaitu zaizkielako», adierazi du Iker Casanova parlamentariak.

Koalizioaren iritziz, «ustelkeriaren kontrako borrokan baliabideak falta dira». Hau da «arazo nagusia». «Hori aldatu nahi dugu. Herri duin batean bizi nahi badugu, mekanismoak eduki behar ditugu ustelkeriak eta praktika okerrek tokirik izan ez dezaten. Guretzat oso erraza litzateke salaketan soilik geratzea, gobernu edo alderdi bat desgastatzeko, baina guk gauzak benetan aldatu nahi ditugu, salaketatik harago joan nahi dugu, sakoneko neurri zuzentzaileak ipini nahi ditugu mahai gainean. Ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzea ere proposatu genuen, esaterako. Gorenaren epaia ezagutu berri dugu eta orain alderdi guztiak adierazpen potoloak egiten ari dira, baina hori ez da nahiko; tresnak behar ditugu aurrerantzean De Miguel gehiago egongo ez direla bermatzeko».

«Higiene demokratikoa»

Gogora ekarri dituzte kasu ezberdinak. «De Miguel, Marguello, Karrantzako Minda, Balentziaga, Gipuzkoako Ogasuna, Bidegi, Pinosolo… Zerrenda luzea da, eta auzi horiek guztiek erakusten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez direla oasi bat, hemengo instituzio eta administrazioak ere ustelkeriak zipriztinduta daudela. Ez dakigu kasu isolatuak diren ala izozmendiaren tontorra bakarrik ikusten ari garen, baina gizartean ezin da instalatu ustelkeria, tramak, entxufeak, klientelismoa, lagunkeria eta faborezko tratuak normalak diren ideia, alderdi politiko zehatz batetik gertu egoteak abantaila ematen dizun ideia. Hori ez da normala eta ezin dugu normaltzat hartu, higiene demokratikoa behar dugu».

Nafarroan martxan ada Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa, eta EAEn ere sortzea «aurrerapauso handia» litzatekeela iritzi du EH Bilduk.  «Praktika ustelak atzeman, ikertu eta zigortzeko, organo horrek EAEko administrazio guztien gaineko kontrola egingo lukeelako, Jaurlaritzatik azken udaleraino, eta administrazioekin harreman ekonomikoak dituzten enpresa eta pertsonei ere eragingo liekeelako».

EH Bilduk proposatu duen legeak beste hiru xede ditu: «Lehena, prebentzioa, ustelkeriari aurre egitea ezinezkoa den sentsazioa desagerrarazteko; bigarrena, diru publikoaren erabileraren gaineko kontrola eta ebaluazioa, eta, hirugarrena, salatzaileen babesa, gaur jende askok ez dituelako ustelkeria kasuak salatzen horrek arazoak baino ekarriko ez dizkielakoan».