Indarkeria matxistaren umezurtzak: galerari eta hamaika tramiteri aurre egin beharra
Indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeen haurrek bizi duten une gogorrari, tramite burokratiko eta judizial amaigabeak gehitu behar zaizkio. Araudia aldatzen ari bada ere, biktimaren inguru hurbila etengabeko oztopoen aurrean aurkitzen da.
Tramite burokratiko eta judizial amaigabe eta garestiak dira hiltzaileak indarkeria matxistaren biktimen seme-alabei uzten dien herentzia. Indarkeria jasan dutenen inguru hurbilena arduratu behar izaten da horretaz, askotan ama baten galera traumatikoari, zenbait kasutan beraien aitak hildakoa, aurre egiten dion bitartean.
«Amesgaizto bat», horrela definitzen ditu Inmak 2018ko apirilaren 20az geroztik izan dituen administrazio hitzorduak, paperak eta auzi judizialak. Izan ere, ahizparen senar ohiak bere ahizpa eta ama hil zituen Gasteizen, une horretan zortzi eta hamabi urteko bi seme-alabekin batera biktima bizi zen etxebizitza erre ondoren.
Lakuako Gobernua indarkeria matxistaren umezurtzek urtean 5.000 euroko laguntza jasotzeko dekretu bat prestatzen ari da, Inmaren ustez diru hori berandu dator, beste autonomia erkidego batzuetan indarrean dagoenarekin alderatuta. Hala ere, esan du ongi etorria dela, haur horien eta haien kargu egiten diren senideen egoeran laguntza bat dela, dekretu horrek atzeraeraginezko izaera izateko konpromisoa eskatu du, eta baita 25 urtera arte luzatzeko.
Hobekuntza legalak
Aitortu du gauzak aldatu egin direla bere familiaren bizitza duela ia bost urte irauli zenetik, eta arauak hobetu direla, hala nola umezurtz horiek indarkeria matxistaren biktimatzat hartzea, geratzen zaizkien pentsioak handitzea, eta haien babesa hobetzen duen legea onartzea. Hala ere, azaldu du beste behin erreforma horiek berandu iritsi daitezkeela ilobentzat.
«Haurren zaintza eskatu behar den unetik eta aitari erretiratzea eskatzen zaionetik, oraindik amaitu ez dugun amesgaizto burokratiko eta judiziala hasten da».
Familiak hasiera-hasieratik hartu zituen bere gain izapide eta gastu guztiak, Inmaren anaiak hartu zituen ilobak etxean eta diru-sarrerak gutxitu zitzaizkion. Izan ere, batetik, lanaldi-murrizketa eskatu behar izan zuen haurrak zaintzeko, eta bestetik, gastuak geroz eta handiagoak ziren. «Aitak etxea erre zien. Haurren gauza eta oroitzapen guztiak suntsitu zituen. Arroparik ere ez zuten hurrengo egunean janzteko».
Hiltzailearen ondasunetan esku hartzea
Hiltzailearen eta bere amaren ondasunetan esku hartzea oso berandu egin zen, 47 urteko kartzela-zigorra ezarri baitzioten, krimena gertatu eta lau urtera. «Denbora izan zuen pisu bat eta kotxe bat saltzeko eta dirua bere kontutik ateratzeko izoztu baino lehen. Dirua zure ondasunetatik kentzen baduzu, kaudimengabea zara eta ezin diote inori kalte-ordainik eman», salatu du.
Beraz, «zero unetik dirua eta denbora inbertitzen hasi behar duzu», azaldu du Inmak, urte eta erdi bajan egon zen, eta «egun guzti-guztietan karpeta batekin ateratzen nintzen etxetik paperak egiteko», horietako asko ilobekin lotuta.
Inmak eta bere familiak uste dute gehiago egin litekeela hiltzaile horiek gastu eta kalte-ordain horien zati bat beren gain har dezaten, beren pentsioak sistema bidez bahituta. Iloben aitaren kasuan, enbargaezina da, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino txikiagoa baita.
Azpimarratu duenez, ez da egoera isolatua, «umezurtz asko aitona-amonek hartzen dituzte gutxieneko pentsioekin eta gurasoen etxebizitzetako hipoteka maileguen ordainketa beren gain hartu behar dute».
Tramite amaigabeak
Ez da bere iloben kasua, aitak erre zuen etxebizitza bere arrebarena zen, baina dirua inbertitu behar izan dute konpontzeko, eta gaurko egunez, oraindik ez dute lortu saltzea. «Dena da agindu judizialak eta epaileen erabakien zain egotea», azaldu du.
Minaren, denboraren eta diruaren zurrunbilo horretan baikorra da haurrak familia eta lagunengandik babestuak egon direla. «Denbora guztian egon gara beraiekin», azaltzen du Inmak eta inguru egonkorrak sortzeak duen garrantzia nabarmendu du.
Inmak tramite guztiak murriztea eta sinplikatzea eskatu du, baita «istorioa behin eta berriz kontatuz instituzio eta erakundeetan ez ibili beharra» ere. Eta araudian emandako aldaketak positiboki baloratu ditu. «Esfortzua fruituak ematen ari da, baina asko kostatu da», ondorioztatu du Inmak.