INFO

Zuazoko taldeak ohar batean salatu du azken bi sasoietako soldatak zor dizkiola klubak

Zuazo Eskubaloi Klubeko Ohorezko Mailako taldeak ohar bat kaleratu du jokalariek eta talde teknikoko kideek egun bizi duten egoera «larria» salatzeko. «Berehalako eta taxuzko» irtenbide bat aurkitzea eskatu diote klubari. Soldataz gain, besteak beste, kirol material eskasa dutela aldarrikatu dute.

Zuazoko jokalariak iragan asteburuan Bera Beraren aurka jokatutako derbian, Barakaldon (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zuazo Eskubaloi Klubeko Ohorezko Mailako taldeak astelehen honetan kaleratutako ohar batean adierazi du klubak azken bi denboraldietako soldatak zor dizkiela jokalariei eta talde teknikoko kideei. «Klubeko lehen taldeko jokalariok eta talde teknikoak egun bizi dugun egoera larria salatu nahi dugu, klubeko partaide guztiontzat berehalakoa eta taxuzkoa den irtenbide bat aurkitu ahal izateko», aldarrikatu dute jokalariek.

Soldata ez ezik, egunerokoan beste zenbait baliabideren falta ere sumatzen dute jokalariek. Besteak beste, kirol materialaren eskasian eta entrenamenduetara joateak sortzen dituen gastuei aurre egitean. Are gehiago, nabarmendu dute egoera «larriagoa» dela etxetik kanpo bizi diren jokalarien kasuan: «Maiz, familiako kideei eta gainerako jokalariei dirua eskatu behar izaten diegu, edota bizimodua bera egokitu behar dugu, oinarrizko beharrei aurre egin ahal izateko».

Jokalariak jakitun dira arazo horiek etorri direla, hein handi batean, klubaren zorpetzeagatik; diru-laguntza publikoen atzerapena eta inbertsio publikoak lortzeko ezintasuna dela eta. Hala eta guztiz ere, jokalarientzako «ez da zilegi» haiei eragitea klubak dituen finantzaketa arazoak.

Gainera, jokalariek adierazi dute klubeko zuzendaritza-batzordearekin haien kezkak partekatzeaz gain, bestelako irtenbideak aurkitzeko prestutasuna helarazi dietela: «Klubak itxaron genezan eskatu zigun, baina egoera muturrekoa izatera iritsi da. Egiatan, alderdi ekonomikoari dagokionean datorkigun informazioa nahasgarria da; berebiziko estresa eta ziurgabetasuna sortzen ditu horrek, eta aldi berean, entrenatzea, lehiatzea eta gure helburuetan zentratuta egotea zailtzen ditu».

Zuazoko taldeak «erabateko konpromisoa» du klubarekin, eta entrenatzen jarraitzen dutela azpimarratu dute, jokalariek eta talde teknikoak osatzen duten «talde-babesari» esker. Aldi berean, adierazi dute hala jarraituko dutela «ezinezkoa» egiten zaien arte, eta momentu hori iristean, beharrezkoak diren «neurri zorrotzak» hartu beharko dituztela.