Bilboko EH Bilduk patinete elektrikoen alokairua kudeatzeko baimen gehiago ez ematea eskatu du
Bilbon patinete elektrikoen erabilera arautzen duen ordenantza bat egon arte alokairua kudeatzeko lizentzia gehiago ez emateko eskatu du EH Bilduk. Udalak argitaratu gabeko jarraibide bat duela esan dute, baina hala ere garraio mota honek arriskuak sortzen dituela salatu dute.
EH Bilduk patinete elektrikoek Bilboko mugikortasunean izango lukeen eraginari buruzko azterlan bat eskatu du mozio batekin. Horren arabera, garraiobide horren erabilera ordenantza batekin arautzea nahi du eta, hori ebatzi arte, patineteen alokairua kudeatzea baimentzen duten lizentziak emateari luzamendua aplikatzea eskatu du taldeak.
Hala azaldu dute astearte honetan prentsaurrekoan Jone Goirizelaiak eta Bruno Zubizarretak, Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaile eta zinegotziak, hurrenez hurren. Gogorarazi dutenez, joan den abenduaren hasieran patinete elektrikoen konpainia bat lanean hasi zen Bilbon, udal taldearen arabera, jarduera ekonomikoa antolatzen duten legeetan babestuta.
Diotenez, Udalak badauka patineteen erabilera arautzeko jarraibide bat, baina argitaratu gabe dagoena. Horren harira, esan dute Udal Gobernuak iragarri duela lehiaketa bat aterako duela enpresa pare bati Bilboko kaleetan negozio mota hori garatzeko baimena emateko.
Bitartean, salatu dutenez, «hirian zehar patinete elektrikoak ikus ditzakegu, horietako batzuk espaloietan eta oinezkoentzako guneetan botata, arrisku egoerak sortuz, nahiz eta toki horietan debekatuta egon, izan ere, araudi orokorrak agintzen duen bezala, ibilgailu motorduntzat hartzen baitira».
Egoera horiek ekiditeko, hain zuzen, uste dute plangintza bat izatea «guztiz beharrezkoa» dela. Bide batez, aurretiko azterlanak segurtasuna, joan-etorriak, aparkatzea, erabiltzaileen portaera eta mugikortasun egokia bermatzeko balioko luketen beste alderdi batzuk kontuan hartu beharko liratekeela azaldu dute.