Iker Irribarria Binakako Txapelketan jokatzeko «oparia» baliatzen saiatuko da Urdulizen
Elordi eskuetako arazoak direla-eta jokatu ezinik dagoenez, Aramako aurrelariak Zabaletarekin batera debuta egingo du ostiralean. «Txapelketako materialera ohitzea» eta «Ezkurdia saihestuz jokoa Martijari kargatzea» izango dira, Zabaletaren laguntzaz, Irribarriak egin beharreko lan nagusienak.
«Kolpe bat jasotzen duzun bakoitzean bizitzak beste aukera bat ematen dizu». Filosofiko eta estoiko azaldu da Iker Irribarria Urdulizen astearte honetan egin den pilota aukeraketara. Aramako aurrelariak 2017an Rezustarekin batera Binakako Txapelketa eraman zuen eta bi urte geroago, Zabaleta atzelari zuela, finalera iritsi zen Elezkano II.a eta Rezustaren aurka galdu bazuen ere. Baina 2023an gaude orain eta oraindik 26 urte bakarrik baldin baditu ere, ostiral honetan egingo du aurrelari gipuzkoarrak Binakako Txapelketako edizio honetan debuta.
«Niretzat hau oparai bat bezalakoa da. Bihar beste partida bat daukagu –asteazkenean Mungiako jaialdiko aurreneko partida jokatuko du Eskuza bizkartzain duela, Danel Elezkano eta Arbizuren aurka– eta ea txukun bukatzen dugun, eta ostiralean ea gure maila emateko aukera daukagun. Ilusioa egiten dit berriz ere hemen egoteak eta ea merezi dugula erakusteko gai garen», adierazi du Irribarriak.
Aramakoa eta Elordiren artean zein aukeratu lanak izan omen ditu Aspe enpresak Binakako Txapelketako bikoteak eratzeko orduan eta azkenean Mallabiko aurrelariak irabazi du lekua. Baina merezi duela erakutsi ere, joan zen asteburura bitartean partidarik galtzeke moldatu baita Elordik eta Zabaletak osatzen duten bikotea.
Tamalez, Altuna eta Tolosaren aurka galtzeaz gain, eskuko minez amaitu zuen aurrelari bizkaitarrak. Beraz, Eibarko enpresak Iker Irribarriari beste aukera bat ematea erabaki du, Zabaleta atzean duela, Ezkurdia eta Martijaren artean. Izenei begiratuta, harrigarria dirudi Irribarria ordezkoa dela jakitea, baina azken aldian Aramakoak ez du bere garai onenetako mailarik eman eta hargatik, orain egokitu zaion abagunea baliatu beharko du.
Lan hori ahalik eta egokien egiteko, «Txapelketako materialera» egokitzea eta «Ezkurdia saihestea» ei dira, Irribarriaren beraren hitzetan, bere aurreneko betebeharrak. «Ea Elordiren zuloa ongi betetzen dudan. Ez da ongi jakiten erritmoa hartzea zenbat kostako zaidan. Pilotek beste tiro bat dute, baina hasiera hasieran ez bada ere, behin apur bat gastatzen direnean ongi jartzea espero dut. Gainera, Zabaleta bezalako atzelari bat atzean edukitzea beti hobea izaten da. Kristoren txapelketa ari da egiten eta ea ostiralean maila horretan aritzen den, eta ea nik ere Elordiren lana ongi egiten dudan», azpimarratu du Aramakoak.
«Hargatik, gakoa Joseba –Ezkurdia– saihestean datza. Ahalik eta hotzen mantendu behar dugu aurrean eta jokoa Martijari atzean kargatu. Eta gero, aurrean abiadurarekin amaitu. Elordi hori oso ongi ari da egiten, Josek –Zabaletak– sortutako aukerak aprobetxatzen, eta hori ezinbestekoa da», gaineratu du.
Materialari buruz, aldiz, kexarik ez. «Gurea frontisetik gehiago ateratzen da eta beraiena, berriz, lurrean gehiago dabil, baina jokatzeko material ederra dela uste dut», amaitu du Aramakoak.
Ezkurdia eta Martija, bere aldetik, ez dira fidatzen. Hasteko eta bat, sailkapen nagusian azken-aurreko postuan direlako 2020ko txapeldunak. «Tarterik ez zaigu geratzen eta bai edo bai irabazi beharra dago», ohartarazi du Joseba Ezkurdiak. «Hemen ez dago aurkari aproposik. Orain arte lanak ez ditugu ongi egin eta txapelketan bizirik mantentzeko bai edo bai orain egin behar da egin beharrekoa», iritzi dio Arbizuko aurrelariak.
Elordiren lekuan Irribarria izateak ere ez du asko lasaitzen Joseba Ezkurdia. «Elordi oso oso ondo ari zen, baina Iker bera ere jotzaile ikaragarria da. Txapelduna izandakoa da eta abiadura handia ematen dio pilotari. Azken baten, biak dira jotzaile handiak eta zulo handiak irekitzen dituzte jotzen hasten direnean. Baina guk gurera jo behar dugu; partida eutsi behar diogu eta Julenek –Martijak– eta nik gurea eman behar dugu. Ea erritmoa ezarri dezakegun eta horrela beraiei minik ematerik dugun», amaitu du.
Atzera mintzatu da Julen Martija bera ere. «Aurrelari batetik bestera asko aldatzen da partida, baina Ikerrek –Irribarriak– asko ematen dio pilotari. Ziurrenik hor atzetik aritzea tokatuko zait askotan eta beraz, partida zaila izango da. Baina ea gure jokoa egiten lortzen dugun eta irabaziz gero, asko hobe», onartu du Etxeberriko atzelariak.
Bolada txarra apurtu nahian
Etxebarriko Udal Pilotalekuan, bestalde, Jaka eta Aranguren alde batetik eta Peña II.ak eta Marizkurrena II.ak igandera begira materiala apartatu dute. Jaka eta Aranguren, puntu bakarrarekin, sailkapeneko zuloan murgilduta daude, baina igandean izango dituzten aurkariek aspaldi ez dakitela irabaztea zer den. Aurreneko hiru jardunaldietan 22ra iritsi baziren, hurrengo bost partidak galtzetik iritsiko dira bederatzigarren jardunaldi hontara.
«Jon –Mariezkurrena– jotzaile handia da eta difderentzia handiak markatzen ditu, eta beraz lan zailak ditugu. Baina ea guk gure lana ondo egiten dugun eta hain beharrezko dugun bigarren puntu hori eskuratzen dugun» laburbildu du Erik Jakak aukeraketaren ostean.
Mariezkurrena II.ak ere, antzeko bidetik jo du. «Ea behingoz bolada txar hau mozterik dugun igandean. Hortarako partida ona jokatu beharko dugu eta ea berriz ere sentsazio onak berreskuratu ditzakegun», azaldu du Berriozarreko atzelariak.
Bigarren postua amets
Bederatzigarren jardunaldia, nolanahi, asteazken arratsaldean hasiko da Mungiako Trobika pilotalekuan. Laso eta Imaz izango dira alde batetik eta Urrutikoetxea eta Albisu izango dituzte aurrez aurre.
Denek ere uneotan Peio Etxeberria eta Rezustaren esku dagoen bigarren postua hartzea amesten dute. Aipatu bikotearekin bosna garaipenekin berdinduta, Laso eta Imazek bigarren postuan egingo lukete lo baldin eta Mungian irabaziko balute.
Noski, Urrutikoetxea eta Albisuren nahia oso da bestelakoa. Lau garaipen ditu bikote honek eta bosna garaipen dituen tropel horretan sekulako anabasa sortuko litzateke hauek ere tropel honetan murgilduko balira. Bikote biek azken jardunaldian garaipena erdietsi zuten, lana beltz egin ostean. Badakite, jakin, Binakako Txapelketak erresistentzia probatik asko duela eta aurkarien une txar horiek baliatu behar direla 22ra iritsi eta sailkapenean gora begira mantentzeko.
Gorago esan bezala, Mungiako jaialdia Elezkano eta Arbizuk Irribarria eta Eskuzaren arteko norgehiagokak hasiko du eta hirugarren partida, berriz, Promozio Txapelketako dema izango da: Zubizarreta III.a eta Elizegi gorriz, urdinez ariko diren Larrazabal eta Eskirozen aurka.