INFO

Irunen hirugarren anbulategi bat eraikitzeko eskatu du Osasun Bidasoak

Bidasoa eta Bortziriak eskualdeetako 40 elkarte biltzen dituen Osasun Bidasoa plataformak Irunen, Oinaurre inguruan, hirugarren anbulategi bat eraikitzeko eskatu dio Lakuako Gobernuari, osasun arreta egokia emateko dagoen leku eskasia konpontzeko.

Osasun Bidasoa plataformak antolatutako manifestazioetako bat, Irunen. (Jon URBE | FOKU)

Osasun Bidasoa plataformak Irunen hirugarren anbulategi bat eraikitzeko eskatu dio Lakuako Gobernuari. Bidasoa eskualdeko eta Nafarroako Bortzirietako 40 elkartek osatzen dute antolakunde hori. Azaldu dutenez, 2015ean planteatu zen osasun zentro berri bat egiteko proiektua baina gero baztertu egin zuen Lakuak. Orain, eskualderako osasun azpiegituren plan bat egin dezala galdegin diote, eraikin berria eraikitzea barne hartuko duena.

Izan ere, Osasun Bidasoaren arabera, «kalitatezko osasun arreta» emateko espazioa falta da, bereziki lehen arretan.

2015ean, Osakidetzak eskatuta, Irungo Udalak lursail bat gorde zuen Oinaurren hirugarren anbulategi hori egiteko, lehen arretan leku eskasia izanen zela aurreikusten zelako jada.

Gaur egun, «barrakoietan» hartzen dituzte pazienteak, mediku eta erizainek ez dutelako behar adina toki «pertsonak egoki eta aurrez aurre artatzeko».

Prefabrikatutako barrakoietan

Anbulategi berria eskatzeaz gain, plataformak adierazi du ez dagoela ados Bidasoa Ospitaleko kirurgia arloa birmoldatzeko planarekin, nahiz eta azkenean ez dituzten kirofanoak itxiko obrek irauten duten bitartean, hasierako planean aurreikusi bezala.

Osasun Bidasoak kritikatu du prefabrikatutako barrakoiak jarriko dituztela lanak egin bitartean. Defendatu duenez, hobeki da ospitalearen ondoan eraikin berri bat egitea, hala Bidasoko eta Bortzirietako herritarrei zerbitzua ematen dien osasun zentroa benetan handitzeko.