INFO

2060an EAEko biztanleria osoaren %15,6ak 80 urte baino gehiago izango ditu

Lakuaren aurreikuspenen arabera, 2060rako 80 urtetik gorakoen pisua bikoiztu egingo da EAEn, eta biztanleria osoaren %15,6 izango da. Ehuneko hori %7,1ekoa zen 2020an.

Lakuaren aurreikuspenen arabera, 2060rako 80 urtetik gorakoen pisua bikoiztu egingo da EAEn. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Beatriz Artolazabalek, Lakuako Berdintasun, Gizarte Politika eta Justiziako sailburuak, 2021-2024ko Adinekoekiko III. Euskal Estrategia aurkeztu du ostiral honetan Gasteizen. Estrategia hori EAEko Adinekoen Batzordearen laguntzarekin egin da. Bertan adierazi duenez, aurreikuspenen arabera, 2060 urtean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, biztanleria osoaren %15,6ak 80 urte baino gehiago izango ditu. Zifra hori, 2020an, %7,1ekoa zen.

Gainera, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera, bizi-itxaropenak gora egin du: 1975-1976 aldian, 69,6 urte gizonentzat eta 76,9 urte emakumeentzat; 2018-2019 aldian, 80,8 gizonentzat eta 86,6 emakumeentzat. Hala ere, kontuan izan behar da, halaber, 65 urtetik gorako biztanleriaren pisua murrizten hasiko dela 2060rako, jaiotza-tasa txikiagoaren ondorioz.

Hor kokatu du Artolazabalek gaur aurkeztutako plana. Bere hitzetan, orain arteko estrategiarik «anbiziotsuena eta osatuena» da, eta zahartze-prozesuari pertsona horien «protagonismo aktibotik erantzuteko eredu berri bat sortzeko beharretik» sortu da.

Sailburuak gogorarazi du EAEn 65 urte baino gehiago dituzten herritarren % 80 autonomoak direla eguneroko bizitzan, eta azaldu du helburua dela «dauden adinekoen aniztasun handiari arreta eta laguntza ematea: gazteenetatik hasi eta helduenetara, eta aktiboenetatik zaintza behar dutenetara».

2020an, EAEko biztanleen % 22,5ek 65 urtetik gora zuen. Artolazabalek adierazi duenez, «estrategiak kontuan hartzen du, halaber, adineko emakumeak nagusi direla eta kolektibo horrek unibertsitate-prestakuntza handiagoa duela». Izan ere, 10 urtean, 65 urtetik gorakoen artean unibertsitate ikasketak dituztenen tasa % 4,6tik % 26,6ra igo da.

Gainera, bizikidetza-eredu berriei edo diru-sarrera ekonomikoei ere erreparatzen die, % 32ren kasuan hilean 1.800 eurotik gorakoak baitira.

Estrategiak esku hartzeko bost ildo ditu, eta hamar bat proiektutan gauzatuko dira. Horien artean, honako hauek daude: herritartasun aktiboa sustatzea, trantsizioak eta bizi-proiektuen garapena erraztea, autonomia aurreikustea, prebenitzea eta sustatzea, zaintza sozialen politika sustatzea eta iraupen luzeko zainketa-eredu berri baterako trantsizioa sustatzea, eta ikerketatik eta berrikuntzatik ezagutza sortzea.