INFO

Biztanleria okupatuak % 0,5 egin du behera EAEn, eta langabezia-tasa % 8,4ra igo da

2022ko laugarren hiruhilekoan EAEko biztanleria okupatuak % 0,5 egin du behera, eta langabezia-tasa % 8,4ra igo da. Azken urtean, gora egin du okupatuen kopuruak, 17.100 gehiago dira, eta behera langabeen kopuruak, 15.000 gutxiago dira; langabezia-tasak, era berean, % 1,5 egin du behera.

Lanbideren bulego bat, Bilboko Errekalde auzoan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAEko lan-merkatuari buruzko 2022ko laugarren hiruhilekoko datuek erakusten dute 4.600 okupatu gutxiago daudela eta 6.100 langabe gehiago aurreko hiruhilekoan baino, Eustaten datuen arabera. Langabezia-tasa % 8,4koa da, 2022ko hirugarren hiruhilekoan baino ehuneko puntu erdi altuagoa. Azken urtean, langabezia-tasak 2021eko laugarren hiruhilekoko % 9,9tik 2022ko laugarren hiruhilekoko % 8,4ra egin du behera, ehuneko 1,5 puntu behera.

Lurraldeen arabera eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian okupazioak behera egin du, 3.000 pertsona gutxiago dira; Gipuzkoan, 1.000 gutxiago, eta, Araban, 600 gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 4.500 okupatu gutxiago daude eta, Gasteizen, 700 gutxiago, baina, Donostian, 500 gehiago. Okupazioaren beherakadarik handiena gizonen artean gertatu da (–4.100); emakumeen kasuan, 400 okupatu gutxiago daude.

EAEko biztanleria okupatuak behera egin du industrian, 3.400 okupatu gutxiago baitira (–% 1,7) eta zerbitzuen sektorean 3.100 gutxiago (–% 0,4); lehen mailako sektorean, berriz, 200 gehiago (+% 2,2) dira eta, eraikuntzan, 1.600 gehiago (+% 2,8).

Okupazio-tasak, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona okupatuen ehunekotan kalkulatuta adin horien guztizkoaren gainean, ehuneko hamarren bat egin du behera, aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 69,8koa da. Tasa hori % 72,9ra iritsi da gizonetan, eta % 66,7koa da emakumeetan.

Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, okupazio-tasak behera egin du lehen mailako eta beheragoko ikasketak dituztenen artean (ehuneko 0,6 puntu), eta % 59,6koa da; bigarren mailako ikasketak eta erdi-mailako eta goi-mailako ikasketak dituztenen artean, okupazio-tasak 0,2 puntu egin du behera eta % 62,2koa da eta % 85,3koa da, hurrenez hurren.

Lurralde historikoei dagokienez, okupazio-tasa altuena Gipuzkoakoa da, % 71,5ekoa, eta aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,3 puntu gutxiago. Gero, Arabakoa, % 69,2koa, aurreko hiruhilekoaren parean. Eta, azkenik, Bizkaikoa; bertan, okupazio-tasak ehuneko 0,1 puntu egin du behera (% 68,9ra iritsi da).

Soldatako pertsonen kontratazio-modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta 19.800 gehiago dira, eta, aurreko urtearekin alderatuta, 61.400 pertsona gehiago.

Handitzen da emakumeen arteko langabezia

EAEko langabe kopurua urteko laugarren hiruhilekoan, 88.500 dela kalkulatzen da, aurreko hiruhilekoan baino 6.100 pertsona gehiago. Emakume langabeen kolektiboa 46.300 pertsona dira; 4.300 pertsonatan egin du gora, eta, gizon langabeen kopuruak 1.800etan; guztira, 42.200era arte hiruhilekoan.

2022ko laugarren hiruhilekoak % 8,4ko langabezia-tasa du, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko puntu erdi gehiago. Emakumeen langabezia-tasa % 9,1ekoa da (ehuneko 0,8 puntu gehiago) eta gizonezkoenak ehuneko 0,4 puntu egin du gora, % 7,8ra arte.

Lurralde historikoen arabera, Bizkaian langabe kopuruak gora egin du, eta 5.200 gehiago dira, eta langabezia-tasak ehuneko 0,9 puntu egin du gora, % 9,2koa izanik. Arabak 14.300 langabe ditu, eta, bertan, langabeziak gora egin du (1.100 gehiago) eta langabezia-tasak ehuneko 0,6 puntu egin du gora, % 9ra arte. Gipuzkoan, langabeen kopuruak behera egin du, eta 200 gutxiago dira, eta langabezia-tasari % 6,9an eusten zaio.

Hiriburuei dagokienez, langabeziak, Bilbon, gora egin du, eta 3.900 langabe gehiago daude, bai eta Gasteizen ere, 1.100 gehiago baitaude. Donostian, berriz, langabeziari eutsi egin zaio, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

EAEko biztanleria okupatuen kopuruak % 1,8 egin du gora, 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta (17.100 pertsona gehiago), eta langabezia-tasak ehuneko 1,5 puntu egin du behera (% 9,9tik % 8,4ra); beraz, 15.000 pertsona gutxiago daude langabezia-egoeran EAEn, 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.