INFO

Tom Nairn, Eskoziako abertzaletasunaren pentsalari handia, hil da

Tom Nair, «Eskoziako mugimendu independentista modernoaren aitabitxi intelektual» gisa ezagutu dena, atzo hil zen. Eragin handiko pentsalaria izan da eta bere heriotzan ordezkari politikoen eta akademikoen gorespena jaso du; berekin ados zeudenena, baita ez zeudenena ere.

Tom Nairn, Sandy Moffatek Democratic Left Scotland-entzat egindako marrazkian (Open Democracy) (Sandy Moffat)

Tom Nair, «Eskoziako mugimendu independentista modernoaren aitabitxi intelektual» gisa ezagutu dena, atzo hil zen, 90 urte zituela. Anthony Barnett "Open Democracy"ren sortzaileak eta Judith Herrin arkeologoak Nainen familiaren izenean argitaratutako ohar baten arabera, pentsalariak urte batzuk zeramatzan ondoezik eta larunbatean izan zuen erorketa baten ondorioz hil zen.

Eragin handiko intelektuala izan da Nairn, eta bere heriotzan Eskozioako arduradun politiko eta akademikoek eragin hori nabarmendu nahi izan dute. Adibidez, Nicola Sturgeon, Eskoziako lehen ministroak, bart Twitter bidez zabaldu zuen bere mezua: «Eskoziak inoiz sortu duen pentsalari, teoriko politiko eta intelektual handienetako bat izan zen, eta, zalantzarik gabe, nazionalismo zibikoaren ahots nagusi eta errespetatuenetakoa. Nire doluminak bere gertukoei».

Bere aurkari izan zen Gordon Brownek ere Nairnem heriotzagatik doluminak azaldu zituen. Britainia Handiko lehen ministro izandakoaren esanetan, Nairn «idazle, pentsalari eta intelektual handia, eta gizon ona izan da». «Gauza askotan ez zegoen nirekin ados, baina luzaroan gogoratuko dira bere liburuak eta lan akademikoa», gaineratu zuen.

Adam Ramsay, "Open Democracy"ren kazetari denak, honela laburbildu zuen Nairmen ekarpena: «Oso tristea da baieztatzea Britainia Handiko filosofo garaikiderik handiena, nazionalismoaren teoriko enblematikoa eta Eskoziako mugimendu independentista modernoaren aitabitxi intelektuala, Tom Nairn, gaur hil dela».

Gerry Hassan idazleak Nairn gabe «mundua ez dela hain interesgarria» esan zuen, eta bere lagunaren «eragina eta eragina hainbat hamarkadatan luzatuko» dela baieztatu zuen.

Bere lana eta pentsamendua

Nairn Britainia Handiko Ezker Berriaren pentsalari garrantzitsuenetakoa izan da, pentsamendu tradizio horri egin zion kritika eta Eskoziaren independentziaren alde izan zuen jarrerak hortik kanpo kokatzeko aukera ematen duen arren. Edonola ere, bere pentsamendua aberatsa eta konplexua da, eta ez da korronte bakar batean kokatzen erraza.

1962tik aurrera, Perry Andersonekin "New Left Review"n aritu zen. Aldizkariko sortzaileen jatorria irlandarra zen, eta nazionalismoaren auzia interesgarria zen berentzat. Garai honetakoa da «Nairn-Andersonen tesia» deitu zena, Britainia Handia zergatik ez zen modu «normal» batean garatu azaltzen saiatzen zena. Garapen «oker» horren atzean Erresuma Batuaren izaera inperiala zegoen.

Nairn Europaren integrazioaren defendatzailea izan zen luzaroan, eta ideia hori "The Left Against Europe" (1973) liburuan azaldu zuen lehen aldiz, Britainia Handiko ezkerreko mugimenduetan iritzi nagusia Europar Batasunaren aurkakoa zenean.

Eskoziako Parlamentuari eta Galesko Biltzarrari boterea itzultzearen aldekoa izan zen, baita Eskoziaren independentziaren defendatzailea ere. Tony Blairren «hirugarren bidea»rekin eta Gobernuarekin oso kritikoa izan zen. 90eko eta 2000ko hamarkadetan, gainontzeko nazioei botere nahikorik ez ematea kritikatu zuen, hain zuzen ere. Nairnen iritziz, Londresko botere-kontzentrazioaren ondorioz, Eskoziaren potentzial ekonomikoa mugatu egin ze. Metropolia Estatu britainiarraren botere egituren eta izaera arkaikoaren adierazle zen, bere ustez. Aurrerago, umore handiz, Nairnek «UKania» deituko dio britainiar Estatuaren tradizio horri guztiari.

"The Break-Up of Britain" (1977, 1982an berrikusia eta 2021ean berrargitaratua), Nairnek idatzitako liburuen artean ezagunena da. Bertan, Britainia Handiko nazio-mugimenduen azterketa marxista egiten du. Liburuak dio Erresuma Batua ez dela nazio bat, gainbehera doan inperio bat baizik, eta Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako nazio-mugimenduak gainbehera horren sintoma direla. Nairnek dio Estatu britainiarra hautsi egin behar dela Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako nazioak modu independentean garatu ahal izateko. Nazionalismoaren sorreran eliteek, populismoak eta erromantizismoak izan zuten eragina aztertzen du Nairnek. Nostalgiak nazionalismo horren garapenean duen funtzioa ere aztertu du. Indar atzerakoia edo aurrerakoia izan daiteke, baina nazioaren ideiaren eta nazionalismoaren indarra ukaezina da, bere ustez.

Liburuak eragin handia izan du Eskoziako eta Galesko mugimendu abertzaleen garapenean. Jakina, kritikak ere jasan zituen, adibidez Eric Hobsbawmenak. Pentsalari marxistak Nairnen tesiak erredukzionistak zirela esan zuen. Brexitaren garaian liburuak berpizkunde bat bizi izan zuen. Honezkero, "The Break-Up of Britain" zientzia politikoen liburu klasiko bat da.

Aurrerago, nazionalismoa (nationalism) eta nazionalitateari buruzko politikak (nationality politics) desberdindu zituen. Aurretik beste pentsalari askok egin duten bezala –nazionalismo zibikoarekin eta etnikoarekin, adibidez–, desberdintasun honek nazionalismo on eta txarraren arteko banaketa erreproduzitzen du. Nairnen esanetan, britainiar egituraketa zitala eta hortik eratortzen den tradizio politikoa nazionalismoa litzateke. Aldiz, eskoziar eta galestar mugimendu askatzaileak nazionalitateari buruzko politika eraikitzailearen adibide gisa uler daitezke. Edonola ere, Eskoziar eliteekin ere  kritikoa izan da.

Britainiar monarkiaren kritika eta errepublikanismoaren defentsa izan dira Tom Nairnen pentsamenduaren beste bi ardatz. "The Enchanted Glass" (1988) liburuan monarkiaren abolizioaren aldeko argudioak zehazten zituen.

Eskoziaz gain, Italian, frantziar Estatuan, Herbehereetan, Ingalaterran eta Australian eman zituen klaseak eta garatu zituen ikerketak. Garai batean, kazetari gisa aritu zen. Italian egon zenean bertako komunisten eragin handia izan zuen Nairnek. Hizkuntza menperatzen zuen eta Gramsciri buruzko biografia bat italieratik ingelesara itzuli zuen.

Azken urteetan "Open Democracy"n argitaratu ditu. Bertan, 2016an berari egindako elkarrizketa interesgarria dago, bizitzan grabatu zioten bakarra, ingelesez.