INFO

‘Urratsak zubi’ lelopean antolatuko dute Herri Urratsen 40. edizioa

2023ko maiatzaren 14an izanen da aurtengo Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko sostengua biltzeko festa. Aurten, gainera, 40. edizioa izango da eta Su Ta Gar taldeak sortutako abesti batek jarriko dio doinua.

Herri Urratsen 40. edizioa aurkeztu du Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko ikastolen Seaska federazioaren festa, Herri Urrats, maiatzaren 14ean itzuliko da Senpereko lakura. Euskararen aldeko jaiaren 40. edizioa antolatuko dute 2023 honetan, gaur Baionan egin duten aurkezpenean azaldu duten moduan. ‘Urratsak zubi’ lelopean egingo dute.

Aurtengo kanta Su Ta Gar Eibarko talde ezagunak egin duela jakinarazi du Koldo Rodriguez Herri Urratseko arduradunak, baina udaberrira arte ez dugu entzungo.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, ikastoletako ikasle kopurua etengabe hazten ari da eta Seaskak egun dituen lau ikastetxeak beteta daude. Hori dela-eta, Senpereko ikastetxe berria eraikitzeko lanak abenduan abiatu ziren eta aurtengo irailean lehen 80 ikasleak iritsiko direla aurreikusten dute.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak gogora ekarri du, baina, oraindik traba asko dituztela bidean. Zentzu horretan, brebeta eta baxoko azterketak euskaraz egiteko eskubidearen urraketak segitzen duela ekarri du gogora. Baxoko azterketak egiteko bi hilabete eskas gelditzen direnean, «Parisek mutu» jarraitzen duela salatu du Jorajuriak.

Mobilizazio eta beste ekimenak

«Negu hotzaren ondotik, Euskal Herrian udaberria beroa izanen dela aitzinatzen dut», ohartarazi du ikasleen oinarrizko eskubideak defendatzen segituko dutela gaineratuz. Hala, mobilizazio handi bat iragarri du Herri Urrats besta baino lehen, «Euskal Herri osoa gure hizkuntzaren defentsan» batzeko helburuarekin.

Aste hauetan beste hainbat ekimen abian ditu Seaskak. Hala, Go!azen telesail ezagunaren bederatzigarren denboraldiko azken atala zineman ikusteko parada izanen da otsailaren 2an, 18.30etik aurrera Donibane Lohizuneko Le Select zineman, aktoreak bertan direla. Gisa berean, martxoaren 4an Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeen kontzertua antolatu du Biarritzeko Atabal aretoan.