INFO

2.500 lanpostu suntsituta eta langabezia-tasa handituta bukatu zen 2022a Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriak urte hasieran baino 2.500 landun gutxiagorekin itxi zuen 2022 urtea; beraz, 1.242.400 daude. Langabeen kopuruak ere gora egin zuen: 3.000 langabe gehiago, 122.900 guztira. Urte bukaeran langabezia-tasa %10,09koa zen Nafarroan, %8,66koa EAEn.

Behargin bat, Donostian, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren datuek, 2022ko laugarren hiruhilekoari buruzkoak, erakusten dute urtea enplegu-suntsiketarekin eta langabezia-tasaren igoerarekin amaitu zela Hego Euskal Herri osoan.

EAEren kasuan, urte hasieran baino 7.700 landun gutxiagorekin amaitu zen 2022a, hau da, % 0,80ko jaitsierarekin, 943.000 pertsonatan kokatu arte. Aldi berean, langabezia 1.900 pertsonatan igo zen (% 2,13), 9.000raino. Horrela, langabezia-tasa %8,66an finkatu zen, aurreko ekitaldiko %8,43aren aldean.

Aurreko hiruhilekoaren aldean, 10.400 lanpostu suntsitu ziren erkidegoan (%1,09).

Nafarroari dagokionean, biztanleria landunaren hazkundearekin itxi zen 2022. urtea, aurreko ekitaldian baino 5.200 pertsona gehiago zenbatuta. Langabe kopuruak, baina, gora egin zuen ere bai: 1.100 gehiago. Hala, urtearen amaieran, 293.11 landun eta 32.900 langabetu zeuden Nafarroan.

Aurreko hiruhilekoaren aldean, %0,16 (500 pertsona) egin zuen gora landunen tasak Nafarroan, eta %1,80 (5.200 pertsona gehiago) 2021eko hiruhileko beraren aldean.

Langabeei dagokienez, azken hiruhilekoan %13,78 (4.000) hazi zen tasa Nafarroan aurreko hiruhilekoaren aldean, eta %3,57 (1.100) handitu da aurreko urteko aldi beraren aldean.