INFO

Euskaltzaindiak 2022an zendutako euskaltzainak omendu ditu

Pello Zabala eta Txomin Peillen idazleak, Iñaki Segurola hizkuntzalaria, Miren Jone Azurza kazetaria edo Pedro Sancristóval enpresari eta politikoa omendu ditu, besteak beste, Euskaltzaindiak Donostian ostiralean. Urtero, Euskaltzaindiak gorazarre egiten die aurreko urtean hildako euskaltzainei.

Nerea Azurmendik Miren Jone Azurza kazetaria gogorarazi du. (EUSKALTZAINDIA)

Urtero, Euskaltzaindiak gorazarre egiten die aurreko urtean hildako euskaltzainei, izan oso, emeritu, ohorezko edo urgazle. Ohiturari jarraituz, iaz zendutakoak omendu ditu Akademiak ostiralean Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean.

Dantzariaren ohorezko aurreskuak egin du sarrerakoa, eta ostean banan-banan irakurri dira iaz hildako zazpi euskaltzainen profilak, hots, hilberri-txostenak.

Omenduen profilak

Honela, Pello Zabala idazle eta ohorezko euskaltzain gipuzkoarraren hilberri-txostena Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak irakurri du. Pello Zabala oso ezaguna zer Euskal Herri osoan. Musikazalea, irrati esataria eta meteorologoa, gizon apal bezain adeitsua izan zen. Euskararen eta euskal kulturaren mesedetan eginiko lanak kontuan izanik, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen fraide frantziskotarra 2018an.

Pello Apezetxea etnografo, idazle eta ohorezko euskaltzainaren profila Patxi Iñigo euskaltzain urgazleak irakurri du. Ttipi-Ttapa Fundazioaren burua izan zen Apezetxea, eta Herria 2000 Eliza erakundeko kide ere bai. Euskal kultura eta etnografiari buruzko liburu ugari idatzi zituen, eta 2004ko azaroaren 26an ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Ostean, Iñaki Segurola hizkuntzalari eta euskaltzain urgazlearen bizitza aletu du Joseba Lakarra euskaltzain osoak. Euskal Filologian lizentziaduna (UPV/EHU), Euskaltzaindiak 1991ko urtarrilaren 31n izendatu zuen urgazle. Urte luzez, honako batzorde hauetan egin zituen bere ekarpenak: Orotariko Euskal Hiztegia lantaldea (1989-2005), Hiztegi Batuko lantaldea (1993-2009), eta Euskal Hiztegi Etimologikoa egitasmoa (2010-2021). Idazlea ere bazen Segurola. Lan ugari idatzi zuen, tartean, ‘Nere gorringotik’ (2008, Alberdania), ‘Sed quia sua’ (2020, Erein) edo ‘Koiteretzia’ (2021, Alberdania).

Miren Jone Azurza kazetari eta ohorezko euskaltzainaren txostena Nerea Azurmendi euskaltzain urgazleak irakurri du. Azurza aitzindaria izan zen kazetaritzan: lehen kazetari tituludun emakumezko euskalduna; hedabide bat zuzentzen lehen emakumezkoa... Historian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea), ‘Zeruko Argiako’ zuzendari izan zen zortzi urtez (1969-1977). ‘Deia’, ‘Garaia’ eta ‘Muga’ bezalako hedabideetan ere jardun zuen. 2011n Ohorezko Rikardo Arregi Saria jaso zuen, eta 2018ko apirilaren 27an, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Eustasio Etxezarreta euskaltzain urgazle gipuzkoarraren hilberri-txostena Lontzo Zugazaga ohorezko euskaltzainak irakurri du. Haurtzaroko ikasketak Andoainen egin zituen Etxezarretak, eta apaiz-ikasketak Donostiako seminarioan. 1963an, Donostiako elizbarrutiko apaiz egin zen. 1966-70 bitartean, Teologian eta Liturgian lizentziatu zen Erromako San Anselmo Institutuan. Donostiako elizbarrutian Liturgia Idazkaritzako arduradun eta Liturgiako liburuen euskarazko itzulpenaren eta argitalpenaren elizbarruti arteko talde-arduraduna izan zen 1970etik. EiTBko Meza Santua emankizunaren elizbarruti arteko arduraduna ere izan zen. 1979an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Pedro Sancristóval euskaltzain urgazle gipuzkoarraren biografia Laura Garridok irakurri du. Araban, euskal kulturaren sustatzaile porrokatua izan zen Sancristóval. Arabako Aldundiko Kultura diputatua izan zen 1999tik 2003ra arte, eta orduko hartan, euskaraz egin zuen karguaren zina. Artium museoaren eta Gasteizko Jazz jaialdiaren sustatzailea ere izan da, eta ospe handia izan du artearen munduan, ez bakarrik Euskal Herrian. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak 1979ko abenduaren 20an, eta Euskaltzaindiaren Ekonomia batzordean jardun zuen 1987tik 1989ra arte.

Txomin Peillen euskaltzain emerituaren ibilbidea Battitu Coyos euskaltzain osoak aletu du. Peillen Parisen jaio zen, 1932ko azaroaren 17an. Biologian, Filologia Hispanikoan eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna. Euskal Ikasketetan doktorea. Idazlea.

Erretiroa hartuta zegoen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasle izatetik. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak 1961eko azaroaren 17an, eta oso 1988ko apirilaren 29an. Euskaltzain emeritua zen 2007ko azaroaren 30etik. Bihotzez zuberotarra zen Peillen. Bere azken lana Sarako Idazleeen Biltzarrean aurkeztu zuen (‘Ene bertsoen bilduma’), apirilean, eta jendaurreko azken agerpena Euskaltzaindiak Baionan antolatutako gaualdian izan zen, azaroaren 15ean.