INFO

Bertso Egunak Azpeitian berreskuratu du pandemia aurreko taupada

Pandemiaren eta Bertso Txapelketa Nagusiaren zurrunbiloaren osteko lehena. Aurtengo Bertso Egunak bazituen berezia izateko osagaiak, eta Bertsozalek aski ondo jakin du bertsolari eta zaleek behar zutena irakurtzen: saio irekiak, parte hartze librekoak, ekitaldi itxiei izkin egiten dietenak.

Bertso poteoak Azpeitiako tabernak hartu ditu eguerdian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Elur giro bustipean iritsi gara Azpeitiara. Bertan dute jarria hitzordua Euskal Herriko bertsolari eta zaleek, 11.30ean, baina kosta da jendea batu eta giroa epeltzea. Inguruetako taberna eta kantoietatik inguratu eta, emeki, hasi dira behinola komentu izandako Sanagustin kulturuneko giroa epeltzen. Trikiti eta pandero soinuak erakarri ditu ingurukoen belarri-begiradak, eta lehen kalimotxo eta zuritoak eskuetan –«gaur kañarik ez, gaur zuritotara, asko dugu egiteko eta!»–, hasi da epeltzen giroa.

Pandemiaren osteko lehen Bertso Eguna da; murrizketarik gabekoa, beraz. Baita Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ondorengo lehena ere, bertsolariarei –eta zaleari– beste patxada batean aritzeko abagunea ematen diona. Eta nabari da hala aritzeko gogoa, erlaxatuago, zirtolariago, libreago.

«Bertsoak badu inguru bat indartsua dena, informala eta mahai bueltakoa, eta aurten Bertso Egunera hori ekarri nahi izan dugu hain justu, pandemiarekin bertsoak galdu zituen gune informal horiek, izan otorduen bueltakoak, tabernakoak edo kalekoak. Hori indartu nahi dugu eta Bertso Egunak laguntzen badu horri bultzadatxo bat ematen, ba ondo», azaldu digu Bertsozaleko Eneritz Artetxek.

Horregatik kendu dute, hain zuzen ere, urtetan zehar arratsaldean egin izan den jaialdi formatuko saioa. «Azken urteetan urtero izan da jaialdi formalago bat, antzoki formatukoa, eta ez da kasualitatea justu hori kendu izana», berretsi digu, Txapelketaren ostean bertsolaritzak bestelako esparruak behar dituela sinetsita. Hilabete luzez aretoz areto eta frontoiz frontoi ibili dira bertsolari eta bertsozaleak, eta Bertso Egunak horri buelta bat eman nahi izan diote, «badirelako beste bertso klase batzuk eta beste gune batzuk bertso mugimenduak iraun dezan beharrezkoak direnak».

Hortik bertso poteoa inoiz baino irekiagoa izatea. Bertso eskoletako ikasleek ireki dute, ausart, lehen bertsoaldia. «Ongi etorri gure herrira, egitearren bisita / nola joango ote zerate goizean goizetik hasita?». Zintzurrak busti –barrenak epelduko diren esperantzan–, eta bagoaz beste taberna batera.

Bidean batu zaigu jendea eta jada izango gara 30 inguru. Kasik ez gara kabitu gure hurrengo geralekua den tabernan. «Egunon, eta nola gabiltzan giro hontan bertso eske / elizatikan atera eta pekatuan has gaitezke», bota du kopla batek, eta «pekatu egiten badegu gero, berriro konfesatzera!» erantzun dio besteak. Ari da giroa berotzen, eta hari dira apurka apurka aurpegi ezagunak taldera batzen. Imanol Artola ‘Felix’ gai-jartzailea edota Eñaut Martikorena bertsolari hernaniarra, esaterako, eta hasi dira lehen trufak. «Hemen sartu da Eñaut oraintxe, elegante eta hobe / bere artean pentsatuko du ez banintza sartu hobe!». 

Plaza libreak

Igertzen zaie elkarrean artean ezagun direla, eta eskertu egiten dute Bertso Egunak elkartu eta bertsotan patxadan eta bestelako erregistro batzuetan aritzeko ematen dien aukera. Beste batzuentzat, aldiz, hau da euren lehen Bertso Eguna. Hernani, Andoain, Asteasu eta Amasatik datorren gazte koadrila batentzat, adibidez. 16 eta 19 urte artean dituzte eta denak dira bertso eskolako ikasleak. Txapelketa Nagusia gogoz jarraitu dutela esan digute, baina bertsoak dituen bestelako plazak ere gogoz maite dituztela. Batez ere beraiei kantatzeko aukera ematen dietenak. «Behin Eskolartekoa pasata ez dugu tarte askorik izaten bertsotarako eta hau bada horretarako aukera», aipatu digu batek. «Trebatzeko aukera ematen digu baita ere, kalean kantatzekoa, bertso eskolatik kanpo», gaineratu beste batek. «Ni uste dut bertsoa sustatzeko ere ekimen ona dela, eta baita gure artean elkar ezagutzekoa ere», iritzi du azken batek.

Bertso Eguneko bazkari musikatua, Txalintxo elkartean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Bertsozaletik ere ikusten dute behar hori. Eneritz Artetxek berretsi digu: «Gaur egun askotan egiten dena da antolatzaileek bertsolariari deitu, leku batean kantatu eta etxera buelta, ez dago horrenbeste bat-bateko edo tabernan sortutako saiorik. Eta guk herri bertsolari horiei eman nahi diegu kanturako aukera, horregatik da bertso poteo librea, nahi duenak etorri eta beldurrik gabe kantatzeko aukera izan dezan».

Goizean nork kantatuko zuen «misterio bat» zen antolatzaileentzat, herrialde, adin eta bertsokera ezberdineko jendea batu baita Azpeitiako karriketan eta, tabernaz taberna, mikrora hurbiltzen denak badu beretik emateko aukera. Poteoa amaituta, herriko taberna eta elkarte ezberdinetan antolatutako bertso bazkariek hartu dute nagusitasuna eta, hor bai, hor zehaztuta dago nortzuk izango diren –printzipioz behintzat– kantuan ariko direnak. Kasu horietan, formatua da aldatu dena, batean bertso musikatuak, libreko bertso bazkariak, gaidun saioak... «Denetik jarri dugu Bertsozale elkartean gustu ezberdinak daudelako eta horri erantzun nahi genion», aipatu digu Artetxek.

2018tik hona Bertso Egunak izan duen bilakaeraz –urte luzez Donostian ospatzetik urtero herri batean ospatzera pasa da– ere esan dizkigu bi hitz: «Bertso mugimendua aldatzen doan bezala Bertso Eguna ere, ez lekuz bakarrik, edukiz eta formaz ere aldatzen joan da lekuko eta momentuko beharren arabera, eta aurtengoa ere horrelaxe etorri da. Lekuaren eta momentuaren arabera egokitzen jakin dugu eta hori positiboki baloratzeko kontua da. Pozik gaude Bertso Eguna ematen ari denarekin».