Jardunaldiko helburuak erdizka bete dituzte Avironek Top14an eta Ordiziak eta Gernikak
Lapurdikoek sailkapenaren erdialdean jarraitzen dute gaur irabazi eta gero. Ohorezko Mailan, aldiz, gipuzkoarrek azken minutuetan galdu dute aurkari zuzen baten aurka eta bizkaitarrek, jaitsiera postuak ekiditeko lehia horretan, lehen garaipena lortu dute azkenari irabazita.
Jardunaldi borobila izan zitekeen larunbat honetan jokatzen zuten gizonezkoen hiru euskal taldeentzat. Egia da ostiralean Biarritzek ezin izan zuela Su Agenen aurka irabazi (27-17) ProD2 Ligan, baina larunbat honetan jokatu duten beste hiru taldeak garaipena erdiesteko oso gertu egon dira. Ordiziak dena bere alde zuen garaipena lortzeko, baina azken minutuetan alde egin dio; Avironek eta Gernikak garaipena lortu dute, denboraldiko lehenengoa bizkaitarrentzat.
Frantziako Liga garrantzitsuena den Top14arekin hasiz, Baionako Avironek puntu oso garrantzitsuak lortu ditu Briveren aurka (37-9), erasoko bonusa lortuz gainera. 3-0 aurreratu dira baionarrak zazpigarren minutuan Camille Lopezen zigor kolpe bati esker, baina segituan lortu dute berdinketa kanpokoek Enzo Herveren eskutik.
Lapurtarren maila ona hurrengo jokaldietan iritsi da, 10-3 aurreratu baitira etxekoak Riko Buliruaruaren entsegua eta Camille Lopezen transformazioaren bidez. Hori bai, abantaila ezin izan dute mantendu atsedenaldira iritsi aurretik, Brivek 10-6koa ipini baitu 23. minutuan Enzo Herveren zigor kolpeari esker eta horrela abiatu dira bi taldeak Jean Daugerreko aldageletara.
Bigarren zatian bortitz atera da Aviron. Camille Lopezen zigor kolpeak 13-6koa ipini du eta ondoren 23-9 alde egin dute etxekoek. Minutuak pasatzen joan dira eta dena zirudien horrela amituko zela. Baina oraindik beste sari bat zuen prestatuta Lapurdiko taldeak. Izan ere, 77. minutuan Matis Perchaudek entsegua lortu du 30-9koa egin eta erasoko bonusa eskuratzeko. Eta azken momentuan beste entsegu bat eta transformazioa lortu dute denboraldiko bederatzigarren garaipena biltzeko.
Ohorezko Maila: txanponaren bi aldeak
Espainiako mailarik garrantzitsuenean txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte Ordiziak eta Gernikak. Goierritarrek dena bere alde zuten garaipena erdiesteko. Pentsa, 76. minutuan 23-27 irabazten zihoazen, baina entsegu bat eta transformazioak garaipena eman diote Santboianari.
Bikain hasi dute norgehiagoka gipuzkoarrek. 12. minutuan 0-13 aurreratu dira Valentin Cruzen bi zigor kolpe eta transformazio bat eta Kietan Francisen entsegu bati esker. 5-16 ere aurreratu dira markagailuan, baina etxeko taldeak lanak egin eta aldeak murriztu ditu, atsedenaldian 16-19koa utziz.
Bigarren zatian Santboianak markagailua irauli du (23-19), baina Lander Gomezen entseguak eta Valentin Cruzen zigor kolpeak 23-27koa ipini du. Hori 69. minutuan gertatu da. Gertu zuen garaipena Goierriko taldeak. Hala ere, 76an Sergi Comaren entsegua iritsi da eta Juan Pablo Socinok transformazioa lortu du 30-27koarekin amaitzeko.
Askoz ere hobeto joan zaio Gernikari Urbietako zelaian. Azken-aurreko postuan sailkatuta, bizkaitarrek azkenaren bisita jaso dute, La Vila. Beraz, garaipena oso garrantzitsua zen etxekoentzat, eta baita lortu ere (43-13).
La Vilak gauzak zaila jarri ditu hasieran. Gernika 7-3 ipini da aurretik entsegu bati esker, baina 14-13 gerturatu dira kanpokoak. Eskerrak atsedenaldira iritsi baino lehen gernikarrek beste entsegu bat lortu duten aldeak pixka bat handitzeko (19-13).
Bigarren zatian iritsi da etxekoen erakustaldia. Izan ere, 19-13tik 43-13ra alde egin baitute, eta emaitza horrekin lortu dute gernikarrek denboraldiko lehen garaipena. Hori bai, oraindik azken-aurreko postuan mantenduko dira.