INFO

Lakua eta Zadorra adinekoen egoitzen «gainkostuak» salatu ditu EH Bilduk

Lakua eta Zadorra adinekoen egoitzak «diru-kutxa publikoak larriki urratzen» ari direla salatu du EH Bilduk. Otsaileko kontrolerako osoko bilkuran arloko diputatua interpelatu eta egoitza horiek kontrol publikokoak izan daitezen eskatuko du.

Adinekoak pasioan, egoitza baten kanpoaldean. (Gorka Rubio | FOKU)

EH Bildu Araba batzarkide taldeak aurreratu duenez, Lakua eta Zadorra adinekoen egoitzetako kontratuak «diru-kutxa publikoentzako kalte larria» direla salatuko du datorren asteazkeneko kontrolerako osoko bilkuran.

EH Bilduk joan den abenduan erregistratu zuen interpelazioa. Orduko hartan, Luis Salgado EH Bilduko batzarkideak egoitza horien eraikuntzaren eta mantentzearen gainkostua salatu zuen, Aldundiak 2009an eta 2010ean enpresa banari esleitu baitzizkien 40 urterako. Salgadok azaldu zuen gutxi gorabehera 70 milioi euro inguruko gainkostua izaten ari direla erresidentzia horiek, eta diru horrekin Aldundiak beste bi egoitza funtzionamenduan jar zitzakeela, ezaugarri berekoak.

«Aldundiak gero eta kanon handiagoa ordaindu du 40 urtez adinekoentzako bi zentrorengatik, eta hamarkada batean 31 milioi euro ordaindu dizkio, nahiz eta EAJk bere garaian agindu zuen eredu horrek faktura urtean 1.800 euro baino ez zuela handituko», jakinarazi dute ohar bidez.

Interpelazioan, Aldundiari exijituko dio Lakua eta Zadorra egoitzetako kontratuen itzulketa-klausulak gauzatzea, Aldundiaren jabetza esklusiboa izan daitezen.

Plazen %14 soilik da publikoa

EH Bilduren arabera, Arabako adinekoentzako egoitza-plazen kopurua minimoen azpitik dago egun. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkideak emandako datuen arabera, 3.774 plazetatik %14 baino ez da publikoak, hau da, hamar plazatik ia zazpi pribatuak dira Araban. Nabarmendu dutenez, horri gehitu behar zaio Gorbeialdean, Mendialdean eta Añanan ez dagoela egoitza publikorik edota egoitza-plaza batera sartzeko itxaron-zerrenda luzea dela. Hala, «pribatizazio prozesu nabarmen, garratz eta onartezin baten aurrean» daudela adierazi du Lopez de Arroyabek.

Hau ez da taldeak plaza publikoak sortzeko beharrari azpimarra jartzen dion lehen aldia. Aldundiak egoitza-plaza publiko «bakar bat ere sortu gabe hamarkadak» daramatzala esana dute lehen ere eta bueltan iritsi zaien argudioa beti ekonomikoa izan dela jakinarazi dute: «Egoitza publiko bat mantentzea garestia dela esaten zaigu. Bada, ikusi dugu azken esperimentuak bai garesti atera zaizkigula», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.