INFO

Joventuten aurkako jipoitik ikasi eta Murtziari aurre egiteko prest behar du Bilbao Basketek

FIBA BCLko ligaxkaren bigarren jardunaldia Murtzian jokatuko du asteartean talde bilbotarrak. Darussafakaren aurka bikain nagusi izan bazen, Joventuten aurka galdu ez ezik, denboraldiko partidarik txarrena jokatu eta zalantzal sortu zaizkio azken orduotan.

Ludde Hakansonek UCAM Murtziaren aurka 25 puntu sartu zituen ligan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

FIBAren Txapeldunen Ligako 16 onenen artean dago Surne Bilbao Basket eta ezinhobeto ekin zion gainera bigarren fase honetako ligaxkari. Turkiako Darussafakaren aurka 85-75 nagusitu zen aurreneko jardunaldian, batez ere atsedenaldiaz geroztik defentsan aurrerapauso nabarmena eman zuelako. Sito Alonso etsai maitearen UCAM Murtziaren aurka asteartean 20.30etan Murtziako Kirol Jauregian hasiera hon hori berrestea dagokie beltzezko gizonei.

Alabaina, ACB Ligako azken jardunaldiak zalantzak piztu ditu bilbotarren jokoan. Badalonako Joventutek beste munduko partidarik jokatu beharrik gabe erabat lotu zituen Jaume Ponsarnauren gizonak eta 51-70 nagusitu ziren joan den larunbatean Miribillan. Egia da bizkaitarrek beti ez dutela hirukoetan hain marka eskasik egingo –23tik 3, eta aurreneko 17 hirukoien ostean, saskiratze bakarra, nork eta Jeff Withey pibotak–; ez dutela beti biko jaurtiketetan %40az azpitik asmatuko –36tik 14–; ez dutela ere bere aurkariak baino itxura ahulagoa eskainiko.

«Frustrazioa frustrazioaren gainean eraman dugu bizkar gainean. Gure defentsak nolabaiteko zentzua izan du, baina gure erasoko jokoa erabat zentzugabea izan da. Penatan denbora gal genezake, baina hobe dugu porrot honen emandako lezioetatik ikastea hurrengoari begira», izan zen Tarregako entrenatzailearen adierazpenen funtsa Joventuten aurka galdu eta gero.

Bikain luzaroan jokatzea ia eziezkoa den moduan, norbere mailaren horren azpitik ere luzaroan ezin da jokatu. Ez behintzat aurkaria defentsa lanetan hain fina ez baldin bada. ACB Ligan berdinduta daude Bilbao Basket eta UCAM Murtzia 8-10 balantzearekin, baina puntu alde hobea –edo ez hain txarra– dute bizkaitarrek beren alde. Puntu gehiago saskiratzen ditu Sito Alonsoren taldeak –29, Bilbao Basketek batez beste 77 sartzen dituen bitartean–, baina defentsa ondotxo eskasagoa du –83 puntu pasatxo jasiotzen ditu, 79 puntu eskas jasotzen dituelarik talde bilbotarrak–. Egia da Sadiel Rojas, Ilimane Diop edo Radovic lako defendatzaile onak edo sutsuak –Rojasen kasua, sutsua, ona baino gehiago– dituela Murtziako taldeak, baina oldarkortasun itxura egitea eta egiazko defentsa ona bi gauza oso ezberdin dira.

Ikusi besterik ez dago ACB Ligako aurreneko itzulian talde hauek biek Miribillan indarrak neurtu zituztenean gertatu zena: 99-81 nagusitu ziren bilbotarrak, orain arte ACB Ligan lortu duten azken garaipen hartan. Pasa den zapatuan Ludde Hakansonek bi puntu eskas lortu bazituen, murtziarren aurka 25 saskiratu zituen, eta Adam Smithekin batera partida mila puskatan hautsi zuen.

Izan ere, ez da gauza bera Guillem Vives edo Tomas Bellas aurrean izatea; ezta ere Alberto Ventura edo Thad McFadden izatea ere. Murtziak oso defentsa ezegonkorra du eta horren erakusgarri da igande honetan Saski Baskoniak, nahiz eta neurketa hasi eta berehala Markus Howard galdu orkatila okertu zuelako, nahiko eroso irabazi zuela, 80-87, Vanja Marinkovicek 25 puntu sartuta, Serbiako hegalekoak antolatzaile postuan jokatu behar izan zuen arren.

L multzoko aurreneko jardunaldian, esaterako, Txus Vidorretaren Lenovo Tenerifek 85-65 irabazi zion UCAM Murtziari. Alabaina, partida hartako gauzarik azpimarragarriena Tomas Bellas antolatzaile beteranoak Marcelinho Huertasi egin zion falta itsusi bat da. «Winners never quit. Quitters never win»; hau da «Irabazleek sekula ez dute amore ematen. Amore ematen dutenek sekula ez dute irabazten» Sito Alonsoren gizonek aldagelan idatzita duten leloa –ACB Ligak bere garaian egindako bideo baten ikusi liteke hori–, baina esaldiak hormetan idaztea erraza den bezala, gero norbere leloa eta arauak bete behar dira, eta hortxe hasten dira murtziarren buruko eta gerriko minak. Hortik jo beharko du Bilbao Basketek, baldin eta Joventuten aurka jasotako jipoitik ikasi baldin badu.

Egia da, halaber, Murtziak etxean asko hobetzen duela bere jokoa eta bere zaleen bultzadarekin askoz arriskutsuagoa dela etxetik kanpo baino. Bilbao Basket ere etxean askoz egokiago ibili ohi da oro har, baina bizkaitarrek aurten ACB Ligan zortzitik horu garaipen etxetik kanpo eskuratu dituzte, eta Europako leihaketan, berriz, etxetik kanpo orain arte jokatu dituen partida guztiak eraman ditu.

ACB Ligakoei neurria hartuta

Datu baikorrak ematen hasita, harrigarria da europako leihaketetan Bilbao Basketek ACB Ligako taldeen kontra hirtorikoki erakutsi duen eraginkortasuna. Noski, garai guztiak ez dira berdinak eta benetako inertziarik ez dago, baina harrigarria bezain argigarria izan liteke ACB Ligako taldeen aurka 10 partida jokatu dituztela bilbotarrek Europan eta horietatik 8 irabazi dituztela.

Tartean hor daude 2011/12 denboraldiko Euroligan Saski Baskoniari irabazitako bi derbiak, edo Euroliga hartako Top 16an Real Madrili eta Unicajari irabazitako partidak ere –Malagakoei biak, Real Madrilen aurka, bakarra–. 2012/13 denboraldiko Eurocupa ahaztezina izango da Bilbao Basketeko zaleentzat, leihaketako finalera iritsi baitziren Fotis Katsikarisen aginduetrara, tartean Valentzia Basketi Bilbon eta Fontetan irabazita.

Azken aldia, bestalde, 2016/17 denboraldiko Eurocupa, ez zen hain gozoa izan. Bizkaitarrak aurreneko fasean geratu ziren txapelketatik at, besteak beste Fuenlabradaren mesedetan. Joaneko partidan bilbotarrek 89-78 galdu zuten; burltako partidan 97-83 irabnazita puntu tartea beren alde jarri bazuten ere, azkenean madrildarrek egin zuten aurrera bilbotarren kaltetan.