INFO

Realak eskuin hegaleko atzelaririk gabe jasoko du Valladoliden bisita

Aritz Elustondok zaintiratua dauka eskuin orkatilean, astearte honetan klub txuri-urdinak jakitera eman duen legez. Beasaindarra min hartuta dauden jokalarien zerrenda luzera batu da eta Imanolek baliabide berriren bat pentsatu beharko du eskuin hegaleko atzeko posturako.

Aritz Elustondo, Santiago Bernabeuko berdegunean, min hartuta. (Oscar DEL POZO | FOKU)

Aritz Elustondo, eskuin orkatilean zaintiratu batekin, ez da jokatzeko moduan egongo igande honetan, Valladoliden aurka, Anoetan. Santiago Bernabeuko partidan hartu zuen min beasaindarrak eta zelaia utzi behar izan zuen partidaren azken txanpan. Realean min hartuta dauden jokalarien zerrenda luzera batu da atzelari gipuzkoarra eta honen errekuperazio data lesioaren bilakaeraren araberakoa izango dela adierazi du klub txuri-urdinak.

Hala, Valladoliden aurkako partidarako eskuin hegaleko atzelaririk gabe geratu da Imanol. Alex Sola, denbora luzerako, eta Andoni Gorosabel ere min hartuta daude. Oso zaila dirudi bietako bat iganderako errekuperatzea.

Santiago Bernabeuko azken minutuetan Igor Zubeldia aritu zen eskuin hegalean baina azkoitiarra eskuinera mugitzearekin, erdian edukiko luke arazoa Imanolek. Izan ere, Pacheco min hartuta dago eta erdiko atzelari berezko bakarra Robin LeNormand litzateke. Honela, Zubimendik atzean jokatzea ere ez da baztertzen.

Ez du lan erraza izango Orioko teknikariak, guztira hamar baitira min hartuta dauden jokalariak. Ezinbestean, bigarren taldeko jokalariekin osatu beharko du deialdia. Gonzalez de Zarate erdiko atzelariak, jada lehen taldearen dinamikan txertatuta, minutuak izan ditzake, baldin eta aipatu legez Zubeldia eskuin hegalera mugitzen badu. Gainontzean, eskuin hegalean aritzen diren Gabilondo eta Carbonellen aukerak ere baditu bigarren taldean.