INFO

‘Bode’-ren ateak berriro ireki dira Gasteizko Alde Zaharrean

Bodegon Gorbea, Gasteizen esanguratsua den ‘Bode’ taberna, berriro ireki dute asteazken honetan. Asier Moreira eta Koldo Galan sukaldari gazteek hartu dute Mikel Etxanizen lekukoa Alde Zaharrean dagoen Errementari kaleko plazatxoan.

‘Bode’, berriro ateak irekita. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bodegon Gorbea berriro ireki dute asteazken honetan. Asier Moreira eta Koldo Galan sukaldari gazteek hartu dute Mikelen lekukoa eta zabaldu dituzte Gasteizen esanguratsua den ‘Bode’ tabernaren ateak, 2021ko abenduan 15ean itxi zirenak.

Errementari kalean dagoen plazatxoan kokatuta, ‘Bode’ Alde Zaharreko erreferente bat izan da 1985. urtetik. Gazte zein helduak bertatik pasatu dira, gosaltzeko, arratsaldeko kafea hartzeko eta gauean trago batzuk hartzeko. Euskara eta rocka uztartzen zituen tabernak.

Orain bueltan da, eta gaurtik aurrera taberna eta jatetxea topatuko dute bertara hurbiltzen direnek. Izan ere, Moreira eta Galanek ‘Alea’-n joan den astean azaldu zutenez, ‘Bode’-ri buelta bat eman diote, hori bai, «Mikelek zaindu zuen taberna» zegoen bezalatsu mantenduz.

Hala, Alde Zaharreko tabernarien artean inbidia sortzen duen terraza mantenduko dute eta «betiko xarmari» eutsiko diote, «Azoka menua» izeneko proposamena eskainiz. «Eguneko menuaz harago, merkatuan dagoenarekin prestatu nahi ditugu eguerdiko platerak, eta karta zein degustazio menuak eskainiko ditugu gauez eta asteburuetan», adierazi zuten.

«Nire amonak gogoratu dit bera ere aitonarekin bertara joaten zela orain gutxi, jende askoren erreferentea izan da, eta gogoz heldu nahi diogu erronkari», esan zuen Moreirak.