INFO

Braulio: «Ez dut Jagoba Arrasate beste inora joateko asmoarekin ikusten»

Neguko merkatua «nahiko lasaia» izan omen da talde gorritxoarentzat, hein handi batean, taldeko jokalari garrantzitsuengatik galdezka deitu duten taldeei etete klausula ordaintzea izan delako eman dieten aukera bakarra.

Neguko merkatuaren balantzea egin du gaur Braulio Vazquezek. (@Osasuna)

Neguko merkatua amaituta, Braulio Vazquez Osasunako zuzendari teknikoak azken hilabete hauetako balantze txiki bat egin nahi izan du. Orokorrean, merkatu «nahiko lasaia» izan dela onartu du, hein handi batean, euren jokalari garrantzitsuenengatik galdetu duten talde guztiei erantzun bera eman dielako, «etete kalusula ordaindu».

Zorionez, Osasunan oso gustura aurkitzen diren jokalariak omen dituzte. «Izan dira gure jokalaririk onenengandik galdetu duten taldeak, baina zorionez gure harrobiko jokalariek orain badakite soldata onak bermatuta dituztela eta beste talderen batera irteteko orduan etete klausula normalak dituztela eta horrek Osasunan ibilbide profesional on bat izan dezaketela bermatzen die», azaldu du.

Brauliok taldeak azken urteetan hartutako bidetik jarrai dezan nahi luke eta horretarako konfiantza osoa du Jagoba Arrasaterengan. Ez du berrituarra «beste inora joateko asmoarekin ikusten» eta gaur egun Pedro Mari Zabalzak duen errekorra, 340 partidetan zuzendu zuen talde gorritxoa, hausteko moduan ikusten du 2024ra arteko kontratua duen bizkaitarra.

Galiziarrak taldea egiten ari den denboraldia behar bezala baloratzeko mezua igorri nahi izan die zaleei. «Amets hau amaitzen denean ez nuke oraingo egoera normalizatzerik nahi. Duela bi urte Arrasateren itsasontziarena komentatzera irten nintzen, orduan itsasgora zegoen eta orain gozatzen ari gara, Kopako finalerdietarako sailkatuta. Klub bat gara eta ez daukagu denboraldi amaieran fitxaketa handiak egiteko dirua sartzera etorriko den jabe bat, ez dezagun ahantz horrek suposatzen duen zailtasuna. Etorkizuna helduko da eta berriro ere ez jaisteagatik borrokan ibiliko gara», azaldu du, egoerari perspektiba eman nahian.

Hori bai, «Osasunak dena emango du Koparen bila eta izugarri pozten nau jendea horren ilusionaturik ikusteak. Azaldu duenez, «denek nahi gintuzten gu arerio bezala», eta Athleticen aurka lehen partida etxean jokatzea «ez dut horren gaizki ikusten, Betisen aurka ikaragarri ondo lehiatu ostean».

Izen propioak

Izen propioengatik galdetuta, Braulio Vazquezek bere konfiantza osoa erakutsi dio joko bolada onena pasatzen ari ez den Ante Budimirri. «Budik beti egin izan ditu golak, eta fisikoki hauxe izaten ari da bere urterik onena. Orain, agerikoa da, ez dago bere boladarik onenean, baina horrenbeste gol egin baditu, normalena berriro ere egitea izango da».

Sarrera baino, irteera merkatua izan da negukoa Osasunarentzat. Roberto Torresen kasuan azaldu du jokalaria «bere patuaren jabe» izan dela Iraneko bidea hartu duenean eta taldeak ez diola inolako trabarik jarri, erraztasun guztiak jarri baino ez dizkiola egin.

Taldeko hirugarren atezainak, Juan Perezek, Huescarako bidea hartu du eta Brauliok normaltzat jo du mugimendu hori. «Lehia ikaragarria izan du, atezainak beranduago heltzen dira eta hau Lehen Maila da. Maila oso altuan dauden taldekideak izatearen zorte txarra izan du, baina dena ondo badoa, itzultzeko aukera izan dezake».

Azkenik Javi Martinezek ere Huescarako bidea hartu izanaren arrazoia azaldu du Brauliok. «Oso kezkatuta geunden Albaceten ez dituelako izan zitzakeela uste genituen minutuak eduki. Zeruak eta lurrak mugitu ditugu, ekonomikoki inolako bainarik jarri gabe, Bigarren Mailan jokateko aukerak izan ditzan eta orain berari dagokio aukera horiek irabaztea».