INFO

EHUk sei eskaintza jaso ditu Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria egiteko

Sei eskaintza aurkeztu dira EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak Basurtuko ospitalearen ondoan irekiko duen eraikina egiteko. Enpresen Aldi Baterako Batasuna (EAB) sortuta zegoen baina «kostuen igoera neurrigabea» argudiatuta kontratua formalizatzeari uko egin zioten.

Eraikin berriaren irudikapena. (UPV/EHU)

Joan den abuztuan enpresa esleipendunak kontratua formalizatzeari uko egin ondoren, sei eskaintza jaso ditu Euskal Herriko Unibertsitateak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria Bilbon egiteko, abenduan lizitazioa berriz egin ondoren.

Unibertsitateak zehaztu duenez, lanek hiru urte iraungo dutela aurreikusten dute eta datorren ekainean hasiko dira, 2026/2027 ikasturtean martxan jartzeko prest egoteko. Oraingoan lanak 64.092.000 eurotan lizitatu dira, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak finantzatuta.

Fakultatearen eraikin berrian bilduko dira Medikuntzako, Fisioterapiako eta Erizaintzako graduak, baita Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizial ere: Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea, Farmakologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Ikerketa Biomedikoa, Mikrobiologia eta Osasuna, Neurozientziak, eta Osasun Publikoa. Eraikin berrian egongo da, baita, Osasun Zientzien arloko Unibertsitate Prestakuntzarako, Elkarlaneko Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua.

Ikerketari dagokionez, Ingeniaritza Biomedikoarekin, Familiako Medikuntzarekin eta Medikuntza Pertsonalizatuarekin lotutako proiektu berriak bultzatzeko aukera emango du, eta Erizaintza eta Fisioterapia arloak indartuko ditu, arlo horietarako ildo espezifikoak dituzten doktorego programen bitartez.

Eraikina lau orraziz osatuta egongo da, espazio erabilgarria optimizatzeko, eta handienean (hegoaldekoan) egongo dira ikerketa guneak eta irakaskuntza laborategiak. 5.300 metro karratu inguruko lurzati triangeluarrean eraikiko da, Montevideo etorbidearen eta Gurtubay kalearen artekoan, eta 32.000 metro karratuko azalera erabilgarria izango du (bost solairu eta sotoa), Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak egindako premien memorian jasota dagoen moduan.