Larrazabal, «dena emateko prest» agertu da ostiralean jokatu beharreko partida «zailerako»
Aurrelari arabarrak min hartuta dagoen Urrutikoetxea ordezkatuko du 12. jardunaldia irekiko duen partidan. Larunbatean, sarrerak agortuta dituen Labrit pilotalekuan, Jon Mariezkurrena berragertuko da azken hiru partidak jokatu ezinik egon ostean. «Jokatzeko prest» agertu da atzelari nafarra.
Asteazkenero bezala aurtengo Binakako Txapelketa hasi zenetik, material aukeraketaren beste hitzordu bat egon da gaur ere. Kasu honetan bi, Tafallan eta Iruñean. Bietan zegoen nolabaiteko ikusmina pilotazaleen artean, batean Iker Larrazabal –lesionaturik dagoen Urrutikoetxearen ordezkoa aste honetan–, eta bestean Jon Mariezkurrenaren egoera jakiteko, lesio batengatik azken hiru partidak jokatu gabe geratu ostean.
Tafallan, Larrazabal «pozik» agertu da Lehen Mailako txapelketan aukera hau izateagatik, nahiz eta jokatzeko arrazoiarekin –Urrutikoetxearen lesioagatik, alegi– triste agertu. Aurtengo Binakakoa hasi aurretik, askok titular gisa ipintzen zuten bere izena txapelketan, baina ez zen hala izan, eta orain aukera baliatzen saiatuko da.
«Nik guztia emango dut. Ahal bada puntua etxera eramango dugu», azpimarratu du, nahiz eta ondo jakin Peio Etxeberria-Rezustaren aurkako partida «zaila» izango dela.
Atzean Jon Ander Albisu izango du bizkarzain, eta berarekin jokatzeak «poztasun handia» ematen diola aitortu du aurrelari arabarrak. Albisuk, berriz, «partida zaila» aurreikusten du ere. Atzelariaren ustez, gakoa «hasieratik partida erregular bat» egitea izango da.
Kontuan izan behar da ostiralean Tafallan arituko diren bi bikoteak bost garaipenekin berdinduta daudela sailkapenean. Horregatik, Beñat Rezustak azpimarratu du «bukaeran dena hain estu egonda, marjenik ez dago».
Bergararra eta Peio Etxeberriak galdu egin zuten Iruñeko Labriten Jaka-Arangurenen aurka jokatutako azken partida (22-16) eta, beraz, «sentsazioei buelta eman nahi diegu», onartu du Rezustak.
Ostiral gauean tentsioa handia izan liteke Tafallako pilotalekuan bi bikoteek gauza asko baitituzte jokoan, baina materialarekin, behintzat, denak konforme azaldu dira gaur egindako aukeraketan.
Mariezkurrena, «prest»
Bestalde, Iruñeko Labriten –sarrera guztiak agortu dira– Altuna III.a-Tolosak eta Peña II.a-Mariezkurrenak elkarren aurkako neurketarako pilotak aukeratu dituzte. Lehia larunbatean izango da eta aurrez aurre bigarren sailkatuak –zortzi garaipenekin– eta seigarrenak –bostekin– arituko dira.
Altuna eta Tolosa beste martxa batean doazela dirudi, baina Peñak eta Mariezkurrenak ez dute aukera galdu nahi. Baiko enpresako atzelariak gogoratu duenez, «azken sailkatuak oraindik ez daude kanporatuta eta atzetik joka datoz. Gainera, guk hirugarren edo laugarren amaitzeko aukerak ditugu oraindik».
Berriozarreko pilotariaren egoera fisikoa nolako izan daitekeen duda dute pilotazaleek. Gogoratu behar da azken hiru neurketetatik kanpo geratu dela lesio batengatik. Bere ordez Eskiroz aritu da, bi garaipen eta porrot bat lortuz, hau azken partidan izanda.
Mariezkurrenak aitortu duenez, «prest gaude larunbatean jokatzeko». Beste aukeraketan bezalaxe, hemengo lau pilotariek ez dute arazorik izan pilotekin.
2022ko txapeldun nafarrei harrera
Gaur material aukeraketa ez zuten beste hiru pilotarik, Unai Lasok, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak esaterako, beste hitzordu bat izan dute pilotalekuetatik kanpo. Izan ere, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, Maria Chivite lehendakariak 2022ko txapeldun nafarrei harrera egin die bere bulegoan.
La Presidenta @machivina recibe en su despacho a los pelotaris campeones en 2022
— Noticias / Berriak - Gobierno de Navarra (@noticiasgob_na) February 8, 2023
⚾ Unai Laso, campeón Manomanista
⚾ Joseba Ezkurdia, campeón del Cuatro ½ /
⚾ Julen Martija, campeón del Parejas junto a Altuna @deporte_na pic.twitter.com/FLImCLk13h
Gogoratu behar da Unai Laso Buruz Buruko txapeldun izan zela, Joseba Ezkurdia Lau eta Erdiko txapela jantzi zuela eta Julen Martijak, Jokin Altuna amezketarrarekin batera, Binakakoan irabazi zuela.