INFO
Entrevue
Pablo Salaberri
Aktorea

«Hemingwayrentzat ez dago bizitzarik heriotzarik gabe»

Mitoaz harago, hezur-haragizko Hemingway aurkituko du ikusleak, aurrez aurre, eszenan. Hemingway baino, Ernest aurkituko du ikusleak. Beldur eta zauriak, bere gordinean.

Julio Alonsok gorpuztu du Ernest Hemingway. (GLOBAL SERVICIOS CULTURALES)

Ehun urte joan dira Ernest Hemingwayk (Illinois, 1899-Idaho, 1961) estrainekoz Iruñeko kaleak zapaldu zituenetik. 1923ko uztailaren 6a zen. 24 urte zituen estatubatuarrak eta ‘Toronto Star’ egunkariko erreportari gisa iritsi zen. Bere artikuluetarako material bila zebilen.

Urteurrenarekin batera Maritza Nuñezek idatzitako antzezlana estreinatuko da Patxi Larrearen zuzendaritzapean, ‘Hemingway’. Hitzordua ostegun honetan da Gayarre Antzokian. Julio Alonso, Iñigo Salinero, Pablo Salaberri, Virginia Cervera eta Manolo Almagro dira Global Servicios Culturales enpresaren muntaian aktoreak.

Hemingway baino, Ernest aurkituko du ikusleak. Mitoaz harago, hezur-haragizko pertsonaia. Pertsona zaurgarria gorpuztuko du Alonsok. Aktoreak fisikoki idazlearekin duen antzekotasuna izan zuen abiapuntu obra honek. «Instagramen argazki bat postatu zuen eta lagun batek ‘aizu, Hemingwayren antza duzu. Berari buruzko antzezlan bat egin zenezake’, idatzi zion sare sozialean. Obraren baten bila aritu zen eta Facebook-en aurkitu zuen Puerto Ricon antzezlana prestatzen ari zirela. Maritzarekin harremana egin zuen duela bi urte eta bideak honaino ekarri gaitu.», kontatu dio NAIZi Pablo Salaberrik.

Nuñez Gayarren izango da estreinaldia bertatik bertara ikusten. «Pozik gaude bera etorri delako, oso kolaborazio polita izan da», esan du Salaberrik.

Idazle peruarraren gidoiaren konplexutasuna nabarmendu du aktoreak, «Hemingway beraren adinakoa». «Oso pertsonaia konplexua da. Guk ezagutzen dugun Hermingway baino harago heltzen den pertsona; sakontasuna eman dio Maritzak», esan du.

Publikoa harrituko duen galdetuta, hau dio: «Idazlea, asko edaten zuena, zezenzalea... ez dakigu askoz gehiagorik. Iruñean bere figura oso difuminatua dago, Sanferminak ezagutarazteagatik da ezaguna. Obra honetan idazlea, pertsona, eta bere liburuak nondik datozen ikusiko dugu. Idazleak bere bizipenak islatu zituen nobelatan, hori da sorpresa izan daitekeena».

Azken egunak

Hil aurreko azken egunetara garamatza antzezlanak. Ospitale Sikiatrikoan dago idazlea. Electroshock-en eraginpean, bere buruaz beste egiteko saiakerak direla-eta. Erietxeko erizainarekin partekatuko ditu bere azken orduak. «Ez dakigu Hemingway bera den, horrekin jolasten du egileak, aurreratu du Salaberrik.

«Bere obra guztietan dago heriotza, aitak erakutsi zion bizitzaren parte zela. Hemingwayrentzat ez zegoen bizitzarik heriotzarik gabe», esan du Salaberrik.

Nuñezen esanetan bizitza «entzierro» handia zen Hemingwayrentzat, heriotza beti hurbil baitzuen –hiru gerra pasa zituen– eta bizitza pasioz eta mugarik gabe bizi baitzuen. Hortik Sanferminekiko zuen lilura. «Iruñea gaztaroaren euforia» zen idazlearentzat», iritzi dio. «Iruñean bizitako une haiek zituen gogoan bere buruaz beste egin aurreko egunetan».

Eldarnio betean, hainbat pertsonaiek joko dute gelako atea. Oroitzapen errealak eta distortsio onirikoak, eskuz esku. «Pertsonaiak eszenatokira ekartzen ditu Maritzak bere oroitzapenak ekartzeko eta gero aldendu berriz ospitaleko gelara itzultzeko». Soldadua, Ezra Pound, Marlene Dietrich... bata bestearen atzetik gerturatuko dira logelako lau pareten artera. «Mundu mailako gertaera historikoak hona ekartzeko erabiliko ditu Maritzak» Salaberriaren esanetan.

Pablo Salaberri, Manolo Almagro, Virginia Cervera, Iñigo Salinero eta Julio Alonso. GLOBAL SERVICIOS CULTURALES

Eszenografia soila du muntaiak. Ospitaleko gela aseptikoa. «Proiekzioak ere badaude, oso difuminatuak eta nahiko ilunak. Batez ere idazlearen figuran eta beste pertsonaiengan dago fokalizatuta. Oso efektista da, polita», zehaztu du.

Hemingway zaurgarria, zauritua, aurkeztuko digute Nuñezek eta Larreak. Dramaturgiaz lehena arduratu da, testua zertxobait egokituta. Hari mutur ugari ditu obrak. Buru osasuna, konfliktozko familia harremanak, gertukoen galerak eta gudak sortutako traumak... aurkituko dira agertokian.

Gurasoen eragina du hizpide Salaberrik. «Aita eta ama oso garrantzitsuak izan ziren, batez ere bere haurtzaroan. Bere gorroto, beldur eta ahultasun guztiak gurasoek eragin zituzten. Puntu pisutsuenak dira obran».

Dokumentazio sakona

Hego Amerikan hainbat herrialdetan ikusi da lana. Dokumentazio lan sakona egin zuen egileak. Nuñez idazle eta kazetariaren lanak irakurtzetik hasi zen. «AEBn Hemingway bizi izan zen lekuak ezagutu zituen. Parisen eta Espainia osoan ere ibili zen, bera egon zen tokietan. Eta berarekin harremana izan zuen pertsonen ondorengoak elkarrizketatu ditu. Informazio ugari dago obran baina horrek ez du pisutsua egiten, sintetizatua dago. Oso lan sakona eta polita egin du», adierazi du.

Gorka Pastorrek sortutako musika ia beste antzezle bat da. Hala azpimarratu zuen Larreak. «Asko laguntzen du obra ulertzen, lagungarria da eta momentu batzuetan erabateko protagonismoa du», azaldu du Salaberrik.