Zientzia arloko ikasketen gorakadarekin batera, genero arrakala handituz joan da
Zientzia arloko ikasketek genero-joera markatua dutela frogatu dute EHUk azaldutako datuek. Izan ere, lizentziaturak zirenean, edo lanbide-irteera irakaskuntza zenean, emakumeak nagusi ziren matematika eta informatika bezalako karreretan.
Emakumeak gehiengoa ziren informatika eta matematikako ikasketetan 90eko hamarkadara arte, baina azken hamarkadetan hori izugarri aldatu da. Ikasketa horiek gorakada izan zutenetik, ekonomia zein lan munduaren ikuspegi aldetik, emakumeen matrikulak ez dira herenera iristen.
Larunbatean Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, Elena Leiñena EHUko Berdintasun zuzendariak ohar batean azaldu duenez, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako karreretan dagoen genero-joera «femeninoa eta maskulino denaren gaineko rol kulturalen» ondorio da.
Adibide gisa jarri du 80ko hamarkadan, informatikako titulazioa lizentziatura bat zenean, emakumeak gehiengoa zirela, baina izena ingeniaritzara aldatu zenetik emakumeen matrikula jaisten hasi zela, eta orain EHUko ikasleen %19a baino ez direla –Estatu espainoleko ikasleen %16a–.
Rol kulturalekiko genero-joeraren beste kasu paradigmatiko bat matematika da. Mendearen hasierara arte, ikasketa hauen lanbide-irteera nagusia irakaskuntza eta bankuak zirenean, emakumeak ziren gehiengo argia karrera horretan. Baina teknologia eta software enpresek matematikariak eskatzen hasi zirenetik, emakumeen ehunekoa jaisten hasi zen, eta orain EHUn %52koa den arren, Estatu mailan emakumeak %35a besterik ez dira.
Ingeniaritzetan ere ikusten da genero-joera hori, eta emakumeak ez dira matrikulazioaren herena izatera iristen, orokorrean. Hala ere, ingeniaritza motaren arabera aldaketak daude. Automobilgintzan edo itsas ingeniaritzan %7a besterik ez diren bitartean, ingurumen eta iraunkortasun ingeniaritzetan %60-75eraino iristen dira.
Zientzia arloan antzerako zerbait gertatzen da: emakumeak %35a dira Fisikan, baina ingurumenarekin lotutako titulazioetan %60a gainditzen dute.
Genero-rolak «deseraikitzen»
«Euskal Herriko Unibertsitateak, gizarte-aldaketaren eragile den aldetik, genero-rolak deseraikitzen lagundu behar du, euskal emakumeek euren nortasuna garatzeko eta euren etorkizuna ahalik eta modu askeenean erabakitzeko aukera izan dezaten», adierazi du Eva Ferreira EHUko errektoreak.
Honen zabalkundea ez denez otsailaren 11ra soilik mugatzen, EHUk urte osorako programatu ditu jarduerak, generoaren araberako joera eta rolak ezabatzeko helburuz. Gauzak horrela, hainbat jarduera antolatu dira zientzia eta teknologia arloetan diharduten emakume profesionalen ikusgaitasuna eta aitortza sustatzeko, eta emakume gazteek emakumezko erreferenteak izan ditzaten bultzatzeko.
Jarduera horietako bat da ‘Euskal Emakumeak Zientzia eta Teknologian’, otsailaren 10ean Bilboko metroan zabalduko den erakusketa. Beste bat da ‘Generoa eta Zientziaren Komunikazioa’, komunikazio inklusiboa lortzeko praktika eta tresna onenak ezagutaraziko duena. Bestetik, bestelako tailer eta ekintzak ere jarriko dira martxan.