INFO

Bigarren etxebizitzen gaineko zerga bikoiztuko du Baionako Herriko Etxeak

Baionako Herriko Etxeak bere behin-behineko buxeta onartu du. Egitasmoaren arabera, «hiriaren eta bere biztanleen zerbitzurako» 35 milioi inbertituko ditu aurten tokiko erakundeak. Fiskalitateari dagokionez, %35etik %60ra emendatuko da bigarren etxebizitzen gaineko zerga.

Bisitari batzuk iazko uztailean higizinen prezioak kuxkuseatzen Baiona Handiko higiezinen bulego batean. (Guillaume FAUVEAU)

Ziurgabetasuna nagusitzen den aro batean, «eremu publikoak erantzun azkarrak eman behar dituela» sinetsita, Baionako Herriko Etxeak 35 milio inbertituko ditu hasi berri den urtean hiria eta herritarrei «modu zuzenean» eragiten dieten zerbitzuak bermatzeko.

Gastuak emendatu diren garai honetan, tokiko erakundeak fiskalitatean aldaketa esanguratsua plantan eman du. Hala %35etik %60ra emendatuko da bigarren etxebizitzen gaineko zerga.

«Egitasmo hori plantan ematearekin tentsiopean jarraitzen zuen higiezinen merkatua eragin nahi du Udalak etxejabeek gutxitan baliatzen dituzten bizitoki horiek alokairuan eskaini ditzaten», azaldu du agiri batean Baionako Herriko Etxeak.

Izan ere, etxebizitzak «kezka iturririk handienetarikoa» izaten jarraitzen duela azaldu du Udalak.

2,7 milioi inbertituko ditu Baionako Herriko Etxeak zentroko etxebizitzen parkea birgaitzeko egitasmoarekin jarraitzeko.

Tokiko erakundeak ez du aurreikusten, ordea, eraikitako higiezinen gaineko zerga komunala emendatzea.

Finean, Baionan aterpetzen diren bisitariek ordaintzen duten egonaldiaren zergari esker 750.000 euro jasotzea aurreikusten du Udalak.

CCSA zerbitzuak aurrekontu gehiago izanen du

Baionako Herriko Etxeak 3 milio banatuko ditu hirian jarduten duten elkarteen artean, berdin kultura, kirola edo berdintasunaren aldeko alorrean jarduten duten egiturak sustatzeko.

Horrekin batera, prekarietatearen aurkako ekintzak indartzeko hautua eginez, gizarte alorrean jarduten duen CCAS zerbitzuaren aurrekontua %15a emendatzea erabaki du tokiko erakundeak. 3,1 milioko partida bat onartu du atal horretarako.

Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundeak jakitera eman duenez, etxegabekoen aldeko zerbitzu berria laster zabalduko ditu ateak hirian.

Hala, Santa Ursulan, «Vincenneko ostatua» izenarekin ezagutzen den tokian, kalean bizi diren herritarrek haien ekipajea gordetzeko eremua zabalduko da, Euskal Elkargoak sustaturiko egitasmoari esker.

Gizarte alorrean beti, laugarren urtez jarraian, eskola jangeletan banatzen den menuarengatik familiek ordaindu behar duten prezioa ez emendatzeko hautua egin du Herriko Etxeak.

Trantsizio energetikoa sustatzeko plana

Osasun krisaren ostean, beste hainbat hirietan bezala Baionako Herriko Etxeak energia prezioen gorakada itzelari aurre egin behar izan dio.

2,2 milioietatik 3,8 milioietara pasatu da tokiko erakundeak ordaintzen duen faktura.

Udalak hainbat egitasmo plantan eman ditu azkeneko urtetan bere energiaren kontsumoa murrizte aldera.

Horrekin batera, frantziar Estatuko bertze erakunde askok bezala soiltasun-planari eutsi dio Lapurdiko hir¡buruak. Hala, egoitza publikoak egokitzeko lanak azkartu ditu.

Hain zuzen kapitulu horretara egokituko zaio buxetaren atalik handienetariko bat.

Orotara, 935.000 euro inbertituko ditu hiriak. Horietatik 475.000 euro argiteria berritzera bideratuko ditu eta 475.000 kirol eraikinak egokitzeko.

Eraginkortasun energetikoa hobetzea xede izanen du baita ere Bonnat-Helleu museoan geotermiaren sistema ezartzeko egitasmoa.

Bestalde, bi urteko planaren baitan, eraikin eta hiri eremu berritzeko hainbat egitasmo martxak ditu erakundeak, hala nola Prisseko eskolaren zaharberritzea edo Mediatekaren handitzea.

Baionako harresietatik itzalpean kokatzen den Poterne parkea berritzeko 2,7 milioi inbertitzea aurreikusten du Lapurdiko hiriburuak. Orotara hiriko auzo ezberdinetako ekipamenduak hobetzeko 10 milioi erabiltzea aurreikusten du Udalak.