INFO

Hego Euskal Herriko biztanleen %4,32a pobrezia larrian bizi da

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Gerenteen Estatuko Elkarteak argitaratutako datuen arabera, 2021ean Hego Euskal Herrian 124.336 pertsona zeuden pobrezia larrian, biztanleriaren %4,32a, hain zuzen ere.

Hego Euskal Herriko 124.336 biztanlek ezin dute berogailua piztu. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

2021ean Hego Euskal Herrian 124.336 biztanle zeuden pobrezia larrian. Nafarroako herritarren %3,4a zegoen egoera horretan, hau da, 22.492 pertsona, eta Euskal Autonomia Erkidegoko %4,6a, 101.844 biztanle, alegia. Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Gerenteen Estatuko Elkarteak eman ditu datuok, Estatu espainiarreko autonomia erkidego guztietako datuak jasotzen dituen txostenean.

Estatu espainiarreko beste autonomia erkidego batzuekin alderatuta, Nafarroa da tasarik baxuena duena, eta EAE bigarrena. Egoera txarrenean Kanariar uharteak daude, %15eko tasarekin, eta ondoren Andaluzia eta Murtzia, %10,2ko eta %9ko tasekin, hurrenez hurren.

Jose Manuel Ramirez Navarro elkarteko presidenteak adierazi duenez, pobrezia larrian bizi diren biztanleek larrialdiko laguntzak jaso beharko lituzkete, udalek zein estatuek ematen dituztenak. Larrialdi Sozialeko laguntzak udalek ematen dituzte, baina izen hori izanagatik ere, ez dira berehala tramitatzen, Ramirezen hitzetan: «Aste batzuetan egin beharko luketena zenbait hilabetetan egiten dute». Informeak ezagutzera eman duenez, hainbat udalek bi hilabetez luzatzen dute erantzuna.

Larrialdi Sozialeko diru-laguntza jasotzean, batez beste 796,02 euro ematen dizkiete EAEn, eta 1.138,25 euro Nafarroan. Pobrezia larrian bizi diren biztanle denek, ordea, ez dituzte udalen laguntzak izaten, ezta beste entitate batzuenak ere. Horrela, Nafarroan egoera hau aitortuta dutenen %8,82ak jasotzen du laguntza eta EAEn, aldiz, %56,8ak. Halaber, elkarteak salatu du «alferrikako sare burokratiko krudelak» zaildu egiten diela beharra duten milaka familiari Bizitzeko Gutxieneko Errenta jasotzea.

Gabezia material larriak

Pertsona bat pobrezia larrian dagoela esaten da 13 baldintzako zerrenda batetik 7 edo gehiago betetzen ditu. Baldintzetako batzuk dira, adibidez, bi egunean behin haragia edo arraina jan ezin izatea, etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko ezintasuna, hondatutako arropa ordezkatu ezin izatea, egoera onean dauden bi oinetako pare izateko ezintasuna, interneteko sarbiderik ordaindu ezin izatea edo urtean astebetez oporretan joan ezin izatea.

Etxebizitzako gastuak ordaintzeko orduan atzerapenak izatea (hipoteka, alokairua, gasa...), ezusteko gastuei aurre egin ezin izatea, autorik eduki ezin izatea edo altzari zaharrak edo hautsiak ordezkatu ezin ahal izatea dira pobreziaren zerrendan beste adierazleetako batzuk.