INFO

EAJren hautagaiei bere lanean «eredugarriak» izan daitezela eskatu die Urkulluk

Maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu EAJk Barakaldon egin duen ekitaldian. Iñigo Urkullu lehendakariak beren lanean «eredugarriak» izan daitezela eskatu die eta Andoni Ortuzarrek gobernatzeko «EAJ eredua» defendatu du.

EAJren hautagaiak, Barakaldon egin duten ekitaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bi mila afiliatu eta jarraitzaileren aurrean aurkeztu ditu EAJk maiatzaren 28ko hauteskundeetarako Hego Euskal Herrirako hautagaiak, Barakaldoko BECen. Aurrekanpainarako jeltzaleek aukeratu duten mezua ere aurkeztu dute: ‘Aurrera egiteko’.

Alfredo de Miguel eta alderdiko beste hainbat kargu ohi ustelkeriagatik zigortu dituen sententzia irmo denetik hilabetera, Iñigo Urkullu lehendakariak beren lanean eta kudeaketan «eredugarriak» izan daitezela eskatu die hautagaiei.

EAJ bere sorreratik, 1895. urtetik, gidatzen duen asmoa «zerbitzu publikoa» dela esan du, eta horrek izan behar duela hauteskundeetara aurkezten direnen «goiburu» nagusia. «Pertsona bakoitzaren bizi kalitatea hobetu behar dugu eta herri, hiri eta herrialde hobea eraikitzen lagundu behar dugu, gure lanean eta kudeaketan eredugarri izanez. Gure konpromisoa da, gure derrigorra da. Euskal gizarteak eskatzen digu eta horixe da zor dioguna», nabarmendu du.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere hartu du hitza eta gobernatzeko «EAJ eredua» defendatu du. «Gurea ez da lidergo unipertsonalen alderdia. Guk ez dugu ‘oilarrik’ aukeratzen, herriko plazan edo Legebiltzarrean beste ‘oilar’ batekin topeka egin dezan. EAJ-PNVren baitan gauzak bestela doaz, alderantziz egiten dira. Garrantzitsuena kolektiboa da, taldea, eta egin behar dugun lana ahalik eta emaitzarik onenak lortzea gure Aldundiak eta udalak ondo gobernatuta egon daitezen, eskurik onenetan egon daitezen eta herritarren bizi kalitatea gero eta hobea izan dadin, zerbitzu publikoak gero eta hobeak izan daitezen», adierazi du.

Aurretik hilabete «esanguratsuak» datozela ohartarazi du, «batez ere egoera sozio-ekonomikoari dagokionez». Horren aurrean, alderdiak «neurria» eman behar duela azpimarratu du. «Euskal gizartea guri begira dago. Nora joan eta zer egin esatea espero du. Politikaren mundua ez dago bere momenturik onenean. Guk gure entzuketa egin dugu, kanpora begira eta barrura begira hobetzeko. Gure ibilbide orria izango da alderdi gisa hobetzeko, gauzak hobeto egiteko, parte-hartze handiagoarekin eta gardentasun handiagoarekin, gizartera zabalduz», erantsi du.