INFO

Euren benetako izaera berreskuratuta, mehatxu izatera pasa dira Ezkurdia-Martija

Hasiera orekatu xamar baten ostean, aukerarik txikiena ere ez diete eman txapelketan aurrera egiteko zituzten aukera apurrak Altsasun utzi dituzten Jaka eta Arangureni.

Joseba Ezkurdiak partida borobila jokatu du Altsasun. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gauzak oraindik zail jarraitzen dute eurentzat, bereziki sailkapenean gertuen dituzten Peio Etxeberria-Rezusta eta Peña-Mariezkurrenaren aurkako tanto aldea kontra dutelako –Baikokoen aurka datorren asteartean Tolosan dira jokatzekoak baina lehen itzulian 22-12 galdu zuten–, baina aste luzeetan faltan bota izan duten sendotasuna eta lehiakortasuna berreskuratuta, Joseba Ezkurdia eta Julen Martija mehatxu eta arrisku izatera pasa dira, eta ez bakarrik lehen aipatutako bi bikote horientzat, baita play offean eta txapelketan aurrerago aurkari izan ditzaketen guztientzat ere. Jaka-Aranguren, berriz, txanponaren beste aldean leudeke, 22-6 galduta, bizirik jarraitzeko aukera apurrak Altsasuko Burunda pilotalekuan utzi baitituzte. Gaur arte, partida askotan joko baino puntu gutxiago batu bazituzten, gaurkoan ez dute orain arteko lehiakortasunik erakutsi eta nahi baino lan gutxiago eman diete etxean aritu diren bikoteari.

Orain arte bezala, Sakanako pilotalekuak kuttuna izaten jarraituko du Joseba Ezkurdiarentzat eta Jakarentzat ez du oroimen onegirik lagako, bi aurrelariak partidaren bi aurpegiak izan baitira. Ezbairik gabe, arbizuarra izan da eguneko protagonista nagusia, hasiera-hasieratik bere bolearekin pilotari abiadura sartuz, bera izan baita partidaren erritmoa jarri duena. Agian, erabat eraginkorra izateko, oraindik tantoak amaitzerakoan ezker gantxoa gehiago fintzea falta du, baina partida goitik behera apurtzeko gai izan da.

Jaka, ezinean

Bitartean, Erik Jakak sentsazio txarrak izan omen ditu partida hasieratik, gorputzaldi onegirik gabe trakets xamar ibili da kantxan eta etxera gauzak errazegi jarri izanaren penarekin joan da.

Atzean ere, Julen Martija behetik gora doanaren sentsazioa gero eta nabarmenagoa den bitartean, Aitor Arangurenek ere ezin izan dio txapelketako lehen jardunaldietako maila bikainari eutsi. Ez du aginagarrak partida gaizki hasi, bostnakako berdinketara arte lehia orekatua joan da, baina hortik aurrera, etsiak jota edo, amore eman du eta, pilota batzuk galtzeaz aparte, Julen Martija erabat nagusitu zaio. Binakako honetan gertatu zaionaren antzera, Etxeberriko atzelariak zenbait zalantzekin hasi du Altsasuko partida erabakigarri hau, baina bere aurrelariaren lan bikainean sostengaturik, gora egin du nabarmen. Pilotarik ez galtzeaz gain, lautik eta izan dituen pilotak bikain gozatu ditu gaurkoan atzelari nafarrak eta horiexek izaten dira normalean bere jarduna aztertzeko parametroak.

Baldintza hauetan, partidak apenas izan du orekarik, hasiera berdindu xamar baten ostean, bostnakako berdinketatik aurrera bikote bakarra egon da kantxan. Garaipen honek, eta lortutako moduak batez ere, itxaropenaren depositoa goraino bete die 2020ko txapeldunei eta zalantzena bete aurretik dituztenei. Eta kontuan izanda bikote batzuk nola egin duten behera eta Urrutikoetxea edo Imazek oso zaila izango dutela hurrengo asteburuan jokatzea, zalantzak eta kezkak asko ugaritu dira orain arte lasai antzean ziruditen zenbait bikoterentzat.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Martija: 22

Jaka-Aranguren: 6

Pilotakadak: 435. Iraupena: 52,38 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 5-3, 5-5, 12-5, 12-6, 22-6. Sakeak: 6 Ezkurdiak eta 0 Jakak. Egindakoak: 9 Ezkurdiak, 0 Martijak, 3 Jakak eta 1 Arangurenek. Galdutakoak: 1 Ezkurdiak, 1 Martijak, 3 Jakak eta 4 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera polita Altsasuko Burunda pilotalekuan.