INFO

Ander Elosegi piraguistak erretiroa hartu du 17 urtez goi-mailan lehiatu ostean

Ander Elosegi irundarrak goi-mailako lehia uzten duela iragarri du astearte honetan. Ostegunean, Donostiako Aquariumean, agur prentsaurrekoa emango du. Gizonezkoetan, lau Olinpiar Jokoetan lehiatu den euskal kirolari bakarra da.

Ander Elosegi, Munduko txapelketako jaitsiera proban. (@BATBASQUETEAM)

Kirol ibilbide oparoari agur esango dio Ander Elosegi palista irundarrak. Hala iragarri du Basque Team Fundazioak prentsa ohar baten bitartez. Agur prentsaurrekoa ostegun honetan emango du, Donostiako Aquariumean.

Goi-mailan 17 urtez lehiatu da gipuzkoarra eta gizonezkoetan, lau Olinpiar Jokoetan lehiatu den euskal kirolari bakarra da, lauak jarraian (Pekin, Londres, Rio eta Tokio). Gainera, guzti horietan finalerako sailkatu da, C1 kategorian. Nahiz eta ez duen inoiz domina olinpikorik lortu, oso gertu geratu zen Pekin eta Londresko Olinpiar Jokoetan (laugarren) eta azken bietan ere diploma olinpikoarekin itzuli da etxera (zortzigarren bukatuta).

Europa eta Munduko txapelketetan ere onenen artean aritu izan da Irungo palista. Esaterako, banaka, Munduko azpitxapeldun geratu zen 2019an, baita taldeka ere. 2009an nazioartean bere lehendabiziko domina irabazi zuen, brontzezkoa, taldeka C1ean, Munduko txapelketan.

Europa mailan, 2016an brontzea irabazi zuen banaka eta iaz domina errepikatu zuen taldekako proban.

Piraguismoan erreferente bilakatu da Ander Elosegi, ibilbide osoa Irungo Santiagotarrak klubean eginda. Orain, 17 urtez goi-mailan lehiatzen egon ostean, erretiroa hartzea erabaki du.