INFO

Txapartegiren kontrako jazarpen zikloa amaitu da, tortura epailearen aurrean salatuta

Bete beharrik gabeko sei hilabeteko kondena batekin amaitu da mende laurden iraun duen Nekane Txapartegiren aurkako jazarpenak. Torturatua izan zela gogoratu du asteasuarrak epailearen aurrean, bai eta konponbide hau Fiskaltzaren atzerapausoak ahalbidetu duela ere.

Nekane Txapartegi, Iñigo Iruin abokatuarekin, duela hamar hilabete Auzitegi Nazionalean agertu zenean. (NAIZ)

Mende laurdenez luzatu den Nekane Txapartegiren aurkako jazarpenak bukaera izan du astearte honetan Auzitegi Nazionalean. Sei hilabeteko zigorra ezarri diote azkenean, agiriak faltsutzeagatik, eta ez du betetzeko beharrik izango. Aurretik hamabost urtez espetxe zigor bati iskin egin dio asteasuarrak, Suitza bizitoki hartuz, eta ihes egin izanaren akusazioa ere zuzendu zioten. Azkenean konponbideak lortu dira eta duela hamar hilabetetik Euskal Herrian egoteko arazorik ez du Txapartegik.

Hau guztia bizkarrean daramala, epaileari zenbait aipamen egin nahi izan dizkio Txapartegik, baita lortu ere, NAIZek jakin ahal izan duenez. Lehena, bere garaian jarri zitzaion kondenak torturapean egindako adierazpenak izan zituela oinarri. Berriz torturatua izatearen beldurrak alde egitera bultzatu zuela azaldu du. Epaileak utzi dio hitzaldia bukatzen.

Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan Txapartegik erantsi duenez, azkenean Fiskaltzak ETArekin lotzeko saiakerari uko egin izanak ekarri du oraingo konponbide hau, eta horretarako Suitzan egindako lan guztia erabakigarria izan da.

Bere alaba bitan aipatu du Nekane Txapartegik epailearen aurrean. Izan ere, bien bizitza guztiz baldintzatu du orain arte espainiar auzitegiek abiatutako jazarpenak.

Aurrekariak

18/98 auzia da arazo luze honen oinarri. Horren barruan Guardia Zibilak atxilotu eta bortizki torturatu zuen. Epaiketan hamaika urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea egotzita: gero «kolaborazio» delituan utziko zuen Gorenak, kondena sei urte eta bederatzi hilabetetara jeitsita.

Txapartegik Suitzan gorde zuen bere burua, 2007. urtean, eta espainiar auzitegiek jazarpena biderkatu zuten, oraingo honetan berriro ETAn sartu izana leporatu nahian. Behin eta berriz saiatu ziren Nekane Txapartegi Espainiaratzen, eta Suitzan kartzelaratzea lortu zuten, baina estradizioa ez.

2015ean gertatutako lege aldaketak (larriak ez ziren delitu hauei zigorrak arintzeko) zertxobait leundu zuen egoera. Horren ondorioz, 2017. urtean 18/98ko zigorra agorturik zegoela onartu zuen Auzitegi Nazionalak eta Suitzan aske utzi zuten Txapartegi.

Hurrengo urratsa iazko apirilean heldu zen. Espainiako epaitegi berezian agertu zen asteasuarra, bere abokatu den Iñigo Iruinek lagunduta, eta bere kontrako akusazio bakarra jada agiriak faltsutu izana zela egiaztatu zuen. Hortik aurrera, Suitzan edo Euskal Herrian azkenean libre bizitzeko aukera izan du, eta orain zigor honekin ixten da jazarpen zikloa.

Iazko apirilean etxera bueltan zela NAIZ Irratiari emandako elkarrizketa batean honela laburbildu zuen Txapartegik bide hau guztia: «Nire baitan, askok bezala, konponbide politiko eta kolektibo baten ondorioz egun batean denak aske bueltatuko ginela uste nuen. Ez da horrela izan, Auzitegi Nazionaletik pasatuta izan da. Baina are gutxiago izan da Estatu espainolak nahi zuen bezala, atxilotuta. Horrekin gelditzen naiz. Harro nago».