INFO

Etxebizitza hedatua, lokal hutsak kolektibizatzeko proiektua

Hiri handietan gero eta lokal komertzial gehiago daude hutsik. Gainera, etxebizitzek espazio gabeziak dituzte eta ez dira pertsonen beharretara egokitzen. Bi errealitateentzako irtenbide bakarra proposatu du Urbanbat kooperatibak egindako ikerketa proiektuak: etxebizitza hedatua.

Beheko solairuetan hutsik dauden lokalek etxebizitzaren hedadura gisa dituzten aukerak aztertu ditu Urbanbatek. (URBANBAT)

Hiri handietan gero eta lokal komertzial gehiago daude erabiltzen ez direnak, eta biztanleek espazio arazoak dituzte haien etxebizitzetan. Egoera hori aztertu eta etxebizitza hedatuaren kontzeptua landu du Urbanbat kooperatibak, Lakuako Gobernuaren Eraikal laguntzekin egindako ikerketa proiektuan.

Noizbait merkataritzarako erabili ziren lokal ugari daude hutsik hirietan. Donostian, %20a dago utzita eta Gasteiz eta Bilboko gune komertzialetan %25,53a eta %10a, hurrenez hurren. Aldiz, saltoki handiek gero eta bezero gehiago erakartzen dituzte. Txanpon beraren kontrako aldea da etxebizitzaren afera. Urbanbaten ikerketaren txostenaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzen %70ak 40 urtetik gora ditu, horrek dakartzan gabeziekin, bereziki, espazioari, irisgarritasunari eta isolamenduari dagokionean.

Txostenean jaso dutenez, deserrotze komunitarioa ere bada etxebizitza hedatuak hobetu dezakeen arazoa. Izan ere, espazio publikoa igarobide hutsa bilakatzen ari dira, indibidualismorako joera hedatzen ari den abiadura berean eta Urbanbaten arabera, «elkar aurkitu eta ezagutzea ahalbidetuko duten espazioak» sortu behar dira egoerari aurre egiteko.

Izan ere, bi nahi edo desio kontrajarri ditu jendeak, gaur egun: independentzia eta askatasun beharra, eta bakarrik ez sentitzea. Etxebizitzen atomizazioak lehen nahiari erantzuten dio, egun etxe gehienetan pertsona bi edo bakarra bizi baitira, baina aldi berean bakardade sentimendua indartzen du.

Testuinguru horretan, eraikinen behe solairuetan dauden lokal hutsak etxebizitza hedatu bilakatzea proposatzen du Urbanbatek. Txostenean azaldu dutenez, hainbat jarduerarako erabiliko litzateke espazio hori, nork bere etxebizitzan horretara bideratzen duen tokia libre utziz. «Ekonomia kolaboratiboa etxebizitza eredura eramatea da», ikerketaren arabera. Hori bai, behar bezala funtzionatu dezan, erantzun anitzeko estrategia eta eragile desberdinen inplikazioa ezinbestekoak lirateke.

Sei erabilera posible

Lokalarentzat sei erabilera mota posible proiektatu dituzte. Lehenik eta behin, telelana egiteko edo ikasteko egokia litzatekeen espazioa, isila eta jarduera horietarako egokiak diren altzariekin hornitua. Harreman sozialak izateko eta adineko zein umeen zaintzarako espazio egokia ere izan daiteke, leku bera beste modu batera antolatuz gero. Kirolerako edo jokorako ere erabili daiteke lokala; kasu honetan, espazio irekia izango litzateke, ariketa fisiko desberdinak aldi berean praktikatzea ahalbidetuko lukeena. Auzokoen arropa garbiketarako eta, ondoren, lixiba esekitzeko ere toki aproposa izan daiteke, bakoitzaren etxean espazio asko libre utziko lukeena.

Lokal hutsak telelana egiteko, ikasteko, adineko edo umeen zaintzarako, kirolerako edo arropa garbiketarako erabiltzea proposatzen du Urbanbatek

 

Horietaz gain, trasteak gorde zein konpontzeko erabili daiteke lokala, eta behe solairuan egonda, eskuragarriago izango lituzkete auzokideek. Azkenik, logela «satelite» bezala baliatzea ere proposatzen du proiektuak, bisitek bertan ostatu har dezaten etxean bertan beharrean, edo norbere etxebizitzan obrarik balego, bertan geratzeko aukera izateko.

Lokal bakoitzak eskaintzen dituen aukeren eta bizilagunen beharren arabera, posible litzateke espazioari erabilera bat baino gehiago ematea, aldi berean zein txandaka. Horrek, hainbat zerbitzu etxe azpian izateko aukera eskainiko lieke auzokoei.

Bizimodu jasangarria

Izan ere, etxebizitza hedatuaren ideia honek hiri eredu jasangarria sustatzen du, Urbanbaten arabera. Baldintza horietako bat segurtasuna litzateke, zeinari mesede egingo lioketen erabiltzen diren lokalek kaleari ematen dioten argiak eta bizitasunak. Izan ere, hiri estrategia integral baten baitan garatu beharreko proiektua da etxebizitza hedatuarena, oreka bilatu behar duena mota honetako lokalen eta komertzialen artean.

Ikerketaren egileak jakitun dira indibidualismoaren kultura hedatzen ari den honetan zaila dela espazioak partekatzea, baina komunitatea sortzea ahalbidetuko lukeela uste dute. Bitartekaritza eta elkarbizitza gaitasuna garatu beharko lukete espazio horren erabiltzaile guztiek, ezinbestean, eta lokal hutsek dakarten arazoaren inguruan sentsibilizatuko lirateke.