INFO

‘Zerotik aurrera aukeratu euskara!’, D ereduaren aldeko kanpaina berria Nafarroan

Nafarroako euskalgintza osatzen duten hainbat eragile euskararen alde dei bateratu bat egiteko elkartu dira eta ‘Zerotik aurrera aukeratu euskara!’ kanpaina martxan jarriko dute hurrengo asteetan, D ereduaren alde.

Kanpaina berriaren aurkezpenaren argazkia. (SORTZEN)

‘Zerotik aurrera aukeratu euskara!’. Hala deitzen da Nafarroako euskalgintza osatzen duten hainbat eragilek D ereduaren alde martxan jarriko duten kanpaina.

Sortzen elkarteak ohar batean azaldu duenez, bi astetan zehar sare sozialetan irudi ezberdinak igoko dira egunero, eragile bakoitzak proposatutako D ereduaren aldeko esaldiekin. «Irudi guztiek mosaiko moduko bat eratuko dute marrazki bat osatuz, euskalgintzaren batasuna eta euskarak batzen gaituela irudikatuz», adierazi du.

«Kanpaina honekin, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, Aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara», gaineratu dute.

Gogoratu duenez, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aurrematrikulazio epea martxoaren 6tik 17ra izango dela jakinarazi berri du, «eta, urtero bezala, iritsi da aurten ere belaunaldi berriei begira erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia, izan ere, aurrematrikulazio garaia familiek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko unea da. Eta zalantzarik gabe, hizkuntzaren hautuak berebiziko garrantzia hartzen du erabaki horretan».

«Oraindik ere, Nafarroako herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Hizkuntza eskubideen urraketak ez dauka etenik gure lurralde zabalean. Hortxe daukagu, Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaeraren inguruan legebiltzarrean hartutako erabakia, herritarren gehiengoaren nahiari muzin egin diote, eta gainera, Lehen Hezkuntzako haur gehienen familiek euskaraz ikasteko hautua egin dute, %64 D ereduan eta %36 A ereduan, ez du inork gaztelera hutsezko hauturik egin. Erabaki horrek, berriz ere atea itxi dio euskarari Mañerun eta agerian jarri du zonifikazioak ez daukala inongo oinarri soziolinguistikorik eta euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan», nabarmendu du.

Sortzenekin batera, kanpainan parte hartuko dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, NIZE-k, HE Gurasoek, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek, AEK-k, IKA-k, Zonalde Diskriminatutako Gurasoek, Zaldiko Maldikok eta AET-k.