INFO

Mexikoko litioa nazionalizatu du Lopez Obrador presidenteak

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak litioa nazionalizatzeko dekretua sinatu du asteburu honetan. Hortaz, teknologia berriak garatzeko estrategikoa den mineral hau Estatuak baino ezingo du ustiatu.

Andres Manuel Lopez Obrador, Mexikoko presidentea. (Alfredo ESTRELLA | AFP)

«Orain egiten ari garena (...) litioa nazionalizatzea da, atzerritarrek ustiatu ez dezaten, ez Errusiatik, ez Txinatik, ez Estatu Batuetatik. Petrolioa eta litioa nazioarenak dira, Mexikoko herriarenak, zuenak, Sonorako eskualde honetan bizi diren guztienak, mexikar guztienak», adierazi zuen Lopez Obradorrek Sonoran (ipar-mendebaldea) eginiko ekitaldi batean.

Dekretuak, guztira, 234.855 hektarea erreserba-eremu izendatzen ditu.

Hurrengo fasea, azaldu zuenez, alderdi teknologikoarena da. Izan ere, adituen esanetan, Sonoran litioa buztinean dagoelako eta ez Bolivian, Txilen eta Argentinan bezala harkaitz edo gatz-lautadetan. Horregatik, hain zuzen, litioa berezi eta prozesatzeko bideak ikertzen ari dira.

Gogora ekarri zuen, era berean, litioa «oinarrizko lehengaia» dela automobil elektrikoetarako bateriak egiteko, hainbat erabileraren artean.

Dekretu hau Gobernuaren beste urrats bat da, 2022ko apirileko Meatzaritza Legea erreformatu ondoren. Lege horrek litioa onura publikoko mineraltzat jo zuen, eta haren ustiapena Estatuaren eskumen esklusiboa izango da enpresa publiko berri baten bidez, Litio para México (LitioMX), Sener Energia Idazkaritza edo Ministerioaren mende egongo dena.

Exekutibo mexikarraren arabera, litio erreserba handienak dituzten 23 herrialdeen artean Mexiko hamargarren postuan dago.

Ikusteko dago, aditu batzuek ohartarazi dutenez, litio kantitate nahikoa dagoen ustiatzeko, ekonomikoki errentagarria izango den eta ingurumenarekiko lagunkoia izango ote den.

Gobernuak Litioa ekoizten duten herrialdeak eta enpresak gonbidatu ditu, hain zuzen, Sonora Plana deritzonean parte hartzera, tartean, Tesla auto elektrikoen fabrikatzailea.

Marcelo Ebrard kantziler mexikarrak ostiralean iragarri zuen Lopez Obradorren eta Elon Musken (Teslaren jabea) artean telefono dei bat egongo zela lantegiaren kokapenaren inguruan hitz egiteko.

Lopez Obradorrek 1938ko petrolioaren nazionalizatzearekin alderatu zuen bere urratsa. Orduan, Lazaro Cardenas presidentearen agindupean, Estatuaren esku geratu zen, 2013ra arte, urre beltza deritzona ustiatzea.

Urte horretan, Enrique Peña Nieto presidente zela, Konstituzioaren erreforma bat onartu zuten Mexikon, merkatua erakunde pribatu nazionalei eta atzerritarrei ireki ziena. Horixe da Lopez Obrador, mota honetako erreformak eginda, irauli nahian ari dena.