INFO

Emakunde: gizonezko batek emakumezko batek baino 6.000 euro gehiago kobratzen ditu urtero

Soldatetan gizonezko eta emakumezkoen arteko arrakalaren gainean fokua jartzen duen nazioarteko eguna da asteazken hau, eta bezperan datu argigarria jarri du mahai gainean berriz Emakundek.

Arrakala oso nabaria da oraindik Euskal Herrian, soldatei dagokienez. (Getty)

Lakuako Soldata Berdintasunerako Estrategiaren 2022-2025 aldirako Ekintza Plan Operatiboaren helburua EAE 2030. urterako soldata arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea da, Miren Elgarresta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak astearte honetan jakinarazi duenez.

Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Egunaren bezperan, Emakundeko zuzendariak Soldata Berdintasunaren Egunari eta Emakumeen Nazioarteko Egunari buruzko ONCEren bi kupoiren aurkezpenean parte hartu du astearte honetan.

Ekitaldian, Elgarrestak gogorarazi du gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala «arazo konplexua» dela, «egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa», eta inplikatutako eragile eta esparru guztiek parte hartu behar dutela.

Ildo horretan, Emakundetik koordinatzen den Lakuako Gobernuko Soldata Berdintasunerako Estrategia horren adibide bat dela defendatu du, Lakuako Gobernuko zazpi departamentu baitaude horretan inplikaturik.

«Une honetan, estrategia horren barruan, 2022-2025 Ekintza Plan Operatiboa bultzatzen ari gara. Plan horren helburua da 2030erako Euskadi soldata arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea», nabarmendu du.

Une honetan, soldata arrakala %17,9koa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batuta, eta horrek esan nahi du gizon batek batez beste emakume batek baino 5.914 euro gehiago kobratzen dituela urtean.

Segregazioa, hasteko

Soldata arrakala murrizteko erronken artean, Emakundeko zuzendariak honako hauek nabarmendu ditu: «Lanbide segregazioa murriztea, sexuaren araberako okupazio segregazioa baita soldata arrailean gehien eragiten duen faktorea, %35eraino; berdintasunetik eta berdintasunerako hezkuntzan sakontzea, rolak eta estereotipoak gainditzen joateko; gizarte erantzukidetasuna bultzatzea, gizonen inplikazioa areagotuz; zaintzak demokratizatzea, instituzioen, pertsonen eta familien zaintzaren oreka berria lortzeko, lehenengoa indartuz».

Azkenik, Elgarrestak eskerrak eman dizkio ONCEri ekimenarengatik eta desgaitasuna duten pertsonekin egiten duen lanagatik. Adierazi du argi duela berdintasun politiken helburua dela gizarte bat eraikitzea, zeinetan pertsona guztiak libre izango diren beren gaitasunak garatzeko eta erabakiak hartzeko, rol sexistek ezarritako mugarik gabe, eta pertsona horien guztien artean desgaitasuna duten emakumeak daudela azpimarratu du.