INFO

Heldu zaie bukaera inauteriei

Toki gehienetan, astearte honetan bukatu dira inauteriak. Pandemiaren eraginez bi urte luzez ohiko eran ospatu ezinik egon ondoren, aurtengoan gogoz hartu dituzte eta jaialdi jendentsuak nonahi izan dira.


Bi urteko geldialdiaren ondoren, gogoz hartu ditu jendeak aurtengo inauteriak. Dela bereziki ezagunak diren tokietan, zein beste edozein lekutan, jendetza batu da jaira. Zenbait herritan joan den astean eta beste batzuetan datozenetan ospatu behar badituzte ere, Euskal Herriko toki gehienetan astearte honetan bukatu dira inauteriak.

Aski ezagunak dira Lantzeko inauteriak, Euskal Herrian bertan zein gure mugetatik at. Aurten ere, bisitari ugari izan dituzte herrian, jaia bertatik bertara ezagutzeko asmoz gerturatuak. Kalejiran ibili dira herritik Ziripot eta txatxuak, eta baita hura gogaitzen ibiltzen diren Miel Otxin eta Zaldiko ere. Herrian jazotako gaiztakeria guztien erruduntzat jota, iluntzean erre dute Miel Otxin, harekin batera ezbehar denak uxatzeko.

Tolosakoek ere badute fama eta, asteburuan Piñata eguna ospatzekoak badira ere, gaur izan dute azken eguna inauteriek. Goizeko 11.00etan abiatu dira Karroza eta Konpartsak eta 19.00etan Dantzaldia izan dute Berdura Plazan.

Altsasun ere jai eguna izan dute gaur, azkena ez bada ere. Izan ere, larunbat honetan ere kalejirak eta dantzaldiak antolatu dituzte. Gaur, ordea, herri bazkaria eta kalejira izan dituzte, besteak beste. Egunari amaiera emanez, 21.00etatik aurrera, ezkil-errepika, dantza eta mozorroa kentzea egin dituzte.

Handik gertu, Unanun, mamuxarroak eta muttuak ibili dira kaleetan barrena.

Bilbon, urtero legez, sardina ehortzi dute. Inauteriak bukatuta, datorren urtera arte agurtu dute bilbotarrek. 19.30ean atera dira sardinarekin Plaza Berritik eta ordu erdira hasi dute hileta Arriagan.