INFO

Burujabetza aldarrikatu du ELAk Baionan, urratsak txalotuz eta Itsasuko Aberri Eguna aipatuz

Bere Nazio Batzarra bildu du ELA sindikatuak asteazken honetan Baionan. Bertan adierazpena kaleratu du, burujabetza aldarrikatuz, Ipar Euskal Herrian egindako aurrerapausoak aipatuz eta Itsasun deitutako «Aberri Egun berezia»ren garrantzia nabarmenduz.

ELAren Nazio Batzordea, Baionan. (ELA)

Euskal Herriaren burujabetasunaren aldeko adierazpena kaleratu du asteazken honetan ELAk Baionan, bertan bere Nazio Batzarra bildu duelarik. Gainera, apirilaren 8an eta 9an Itsasun deitutako Aberri Egun berezia aipatu du.

«Herri honek nahi duen etorkizuna aukeratu eta eraikitzeko eskubidearen aldeko borrokak inoiz baino indartsuago darrai. Pentsioen erreforma-proiektuaren aurkako mobilizazio masibo eta pluralak, borondate argia erakusten du etorkizun hori elkartasunean, aberastasunaren banaketan eta planetaren mugekiko errespetuan oinarrituta eraikitzeko», dio adierazpenak.

Honela amaitzen da: «Apirilaren 8an eta 9an Itsasun Aberri Egun berezia ospatuko da, Iparraldean antolatutako lehen Aberri Egunaren 60. urteurrena dela eta. ELAk uste du 1963tik Iparraldeko mugimendu abertzaleak egindako bide propioak oinarri sendoak eta ondo bideratuak ezartzea ahalbidetu duela: gaur egungo herritarrei Euskal Herri burujabe, solidario eta iraunkorra begien aurrean gero eta argiago jartzen diena».

ELAk gogoratu du 2013ko urtarrilean Baionan bildu zen Nazio Batzordeak salatu zuela garai hartan Lehen Ministro zen Manuel Vallsek uko egin izana Ipar Euskal Herriko administrazio-egiturari buruzko eztabaida irekitzeari. Orain, hamar urte geroago, jendarteak abiatutako estrategiei ezarritako blokeoa gainditzea lortu dute, eta Iparraldeko hiru lurraldeak batzen dituen Euskal Hirigune Elkargoa sortu dute.

Testuinguru horretan sortu dira Euskoa, Lurzaindia, I-Ener, Enargia eta beste hainbeste ekimen, eta jendearen indarrarekin lortu dute proiektu batzuk bertan behera uztea: AHTren ibilbide berria, Larrun mendiko lanak, urre meategiak...

«Euskal gizartearen gehiengoak helburu dituen bake eta justizia nahiak arriskuan jartzen zituzten egoera eta harrera asko desblokeatu eta aldatzea» lortu dela ere azpimarratu du sindikatuak, eta pozik agertu da herritarrek sortutako mugimenduen arrakastarekin. Adibidez, Alda, laguntza eta babesa eskatzen duten ehunka familiei laguntzeko zerbitzua.

Politikoki, hamarkada honetan mugimendu abertzaleak «aurrerapen nabaria» izan duela adierazi du EHBaik azken hauteskundetan izan zituen emaitzei erreparatuz. Giro horretan euskal kulturaren, ongizatearen, ekologismoaren, feminismoaren eta migratzaileen alde egiten diren ekimenak aipatu dituzte, eta horiek herria eraikitzen dutela adierazi dute.

Aldatu beharreko gauzak

«Hala ere, egunero eraikitzen den herri hau ez da orainaren eta etorkizunaren gako guztien jabe», esan du ELAk. Sindikatuaren ustez, estatutu bereziko lurralde kolektibitatearen aldeko borrokarekin batera, egungo Hirigune Elkargoa egokitu behar da, eta hautetsiak sufragio unibertsal bidez hautatzeko sistema ezarri.

Bestalde, Ipar Euskal Herriari bere errealitatea eta administrazio egitura berrira egokitzen diren tresnak instituzionalak ematea beharrezko ikusten du. Tartean, Ipar Euskal Herriko Nekazaritza eta Elikadura Bulego Publikoa aipatu du ELAk. Honek nekazaritza eta elikadura proiektua definituko luke, ekintza zehatzak bultzatuz.

Hizkuntza-politikari dagokionez, uste du euskarak ezin duela frantsesaren menpe egon. «Bai hezkuntza ibilbidean zehar, azterketetan, hedabideetan, aisialdian edo egitura publikoen erabilera, Euskal Herriko biztanleek euskara gehiago nahi dutela frogatu dute», aipatu du.

Azkenik gehiengoaren ahotsa entzutea eskatu dute. Adibidez, gizartea AHTren ibilbide berriaren aurka badago, inposatu nahia eta herritarrek finantzatzeko tasa berria ezartzea ez dute begi onez ikusten. Era berean, ez dute ulertzen Alda Habitat Office 64ko erabakigune estrategikotik kanpo utzi nahi izatea, Ipar Euskal Herrian soilik eragiten duelako.