Zalantza ugari, epe labur eta ertainean, euskal futbol taldeen artean
Realeko, Athleticeko eta Alaveseko jokalarien bi herenen kontratua amaituko da ekainaren 30ean. Kirol egoerak ez du laguntzen planifikazioan.
Liga F amaitzeko azken herena besterik ez da geratzen eta, sailkapenaren goialdean gauzak argi samar dauden bitartean, euskal taldeen inguruan zalantza dantza dago. Batez ere, Athleticen eta, are gehiago, Alavesen kasuan, oraindik majo izerdi egin beharko baitute biek mailari eusteko. Kirol egoerak bulegoko lana oztopatuko du, zalantzak epe ertainera zabalduz, taldeen beharrak eta jokalarien interesa mailarekin batera aldatzen baitira. Realak ez du jaisteko arriskurik, baina bere eskaintza, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerarik gabe, ez da iazkoa bezain erakargarria eta oso jokalari gutxiren jarraipena du ziurtatuta klub txuri-urdinak.
Heren batena besterik ez. Bernabe eta Le Guily utzitako futbolariez gain, beste hamabiren kontratua amaituko da ekainean. Nanclares, Iraia, Vanegas, Tejada, Etxezarreta, Maddi, Iris Arnaiz, Gemma, Ceci, Poljak, Gaby eta Eizagirre; hau da, Natalia Arroyoren konfiantza osoko multzoko jokalari asko eta, batez ere, kapitaina. Eizagirrek askotan esan du Realarekin gauza handiak lortzeko ilusioa duela, baina baita oso anbiziotsua dela ere, eta duela bi urte dei asko jaso arren berritzea erabaki bazuen ere, lan asko egin beharko du klubak oraingoan ere konbentzitzeko. Saiatzeko arrazoiak baditu, tolosarrak taldeari ematen dion guztiaz gain, bere jarraipenak «erakartze efektua» izan bailezake, proiektuaren sendotasuna konfirmatuz.
Zerrenda luzea da Alavesen ere. Eta, Donostian gertatzen den bezala, taldearen bizkarrezurra kolokan dago, 2. mailatik igo eta mailari eustea lortu zuten guztien kontratua amaituko baita ekainean. Aurten etorritakoen artean ere, Ornella eta Esther utzitakoez gain, badira bi, Camila Saez eta Fatima Pinto, urtebeterako soilik sinatu zutenak. Dafne Triviñok, beraz, lan itzela dauka, batez ere taldeak datorren denboraldian zein mailatan jokatuko duen ez dakielako.
Fidelizazioa
Athleticek ere ezin dio etorkizunari galdera-marka kendu, hiru puntu eskaseko koltxoia baitauka. Hala, denboraldia hasi aurretik agintariek helburu estrategikotzat jo zuten jokalarien fidelizazioak ahalegin izugarria eskatuko du; izan ere, landu beharreko berritzeak nabarmenak dira, kuantitatiboki –dozena erdi futbolarik baino ez dute kontratua sinatuta– eta kualitatiboki.
Klub zuri-gorriak lotu nahi dituen jokalarien artean azken belaunaldi gazte arrakastatsu osoa dago eta lehen pauso horiek eman ondoren lehen taldean egonkortu diren Azkona, Oihane edo Valdezate bezalako jokalariak; batzuk eta besteak hamaikakoan lekua ziurtatuta dutenak. Taldeko jokalari beteranoetako hiru, Garazi kapitaina, Nekane eta Unzue, lesioen ondorioz aurten oso gutxi parte hartzen ari direnak, kontratuko azken urtean daude. Guztira, 16 jokalari dira ekainean libre geratuko direnak, baldin eta kluba jada egiten ari den lanak fruituak ematen ez baditu.
Laburrean:
Lagunartekoak. Alavesek Deportivorekin berdindu zuen Leonen jokatutako lagunartekoan (1-1), Millenek eta Sanadrik sartu zituzten golak. Athleticek eta Eibarrek larunbatean jokatuko dute lagunartekoa Lezaman (12.30).
Berritzea. Honoka Yoneik kontratua luzatu du Eibarrekin urtebetez. Zazpigarren denboraldia jokatuko du futbolera 18 urterekin heldu zen japoniarrak kamiseta gorri-urdinarekin.
Txartelak. Aste honetan ezagutuko dira Munduko Txapelketa jokatuko duten azken hiru selekzioen izenak. Zeelanda Berrian lehiatzen ari den kanporaketaren lehen fasean, Thailandia, Senegal, Txina Tai Pei eta Papua Ginea Berria geratu dira txapelketatik kanpo. Azken hiru partidak irabazten dituztenek sailkapena lortuko dute. Bihar jokatuko dira Portugal (Andreia Jacinto eta Fatima Pintorekin)-Kamerun eta Txile (Camila Saezekin)-Haiti neurketak eta etzi, Paraguai (Lice Chamorrorekin)-Panama azken partida.
Bidean. Munduko Txapelketako trofeoak parte hartuko duten 32 herrialdeak zeharkatuko ditu. Jada Melbournetik irten da eta ekainean itzuliko da, Australian eta Zeelanda Berrian amaitzeko.
Itzulera. Lotailu gurutzatua hautsi eta hamaika hilabetera, Martak selekzioarekin jokatu du berriro. Futbolari brasildarrak seigarren Munduko Txapelketa jokatu nahi du datorren udan.