INFO

Zinema aretoetan euskararen lekua hutsaren hurrengoa da: iaz ez zen fikziorik estreinatu

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak zinema aretoetan iaz euskarak izan zuen presentzia aztertu, eta ondorio adierazgarria atera dute: euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez zen %2ra iritsi.

‘Irati’ Paul Urkijoren filma iragan ostiralean estreinatu da zinema aretoetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Joan den ostiralen iritsi zen zinema aretoetara ‘Irati’, Paul Urkijoren azken filma, eta honek «euskal ikuslerian sortu duen poza eta itxaropena» probestu nahi izan dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2022. urtean zinemetan egon den euskarazko eskaintzari errepasoa egiteko, eta ondorioa «adierazgarria» dela ohartarazi dute: 2022 osoan zehar ez zen euskarazko fikziozko film bakar bat ere estreinatu.

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak 2022an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu ditu, «eta datuak gordin bezain kezkagarriak dira», adierazi du ohar bidez. Jasotako datuen arabera, euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da %2ra iritsi. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira.

Iaz, 751 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 4 filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste 11 eskaini dira, eta elebidunak edo hirueledunak direnak beste 2 izan dira. «Beraz, azken hauek kanpo utzita, estreinaldien %1,99 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Honi gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten pase kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela, beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1ekoa».

Ipar Euskal Herriko egoera «okerragoa dela pentsa daiteke», iradoki dute, datu zehatzik eskuratu ez den arren.

Bestalde, «hainbat udalerritako erakundeen eta kultur kudeatzaileen lanari esker, hauetako udal areto, kultur etxe, eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan duela» eskertu dute, baina azpimarratu dutenez, ikerketa honetan hiriburuetako zinema komertzialeko datuak aztertu dira, «hauek baitira ikusle gehien dituztenak».

Legeak bete eta berriak sustatu

Salatzen dutenez, «nekez uler daiteke» bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubidea mugatzea. EAEko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, bere hirugarren kapituluan dio Lakuak «neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino» besteak beste, «zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan».

«Lege honek 40 urte egin ditu, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen», diote.

Nafarroako kasuan egoera antzekoa dela diote. 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak ere «erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu» behar dituztela dio, eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c artikuluan dio Estatuei dagokiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da».

Testuinguru honetan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela «herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea», eskatu dute.

Gainera, ohartarazi dute ikus-entzunezkoek «geroz eta denbora gehiago» hartzen dutela gure aisialdian. «Zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskarari etorkizun duin bat ziurtatzeko», amaitu dute.