INFO

Laboral Kutxak 150 milioiko irabazi gordina lortu du 2022an, %38,4 gehiago

Laboral Kutxak 150,5 milioi euroko irabazi garbia izan du 2022ko ekitaldian, aurreko urtean baino %38,4 gehiago. Enpresentzako finantzaketaren %14ak ingurumen hobekuntzan eragina duten helburuetara jo du.

Txomin Garcia Laboral Kutxako presidentea eta Xabier Egibar zuzendari nagusia. (LABORAL KUTXA)

Laboral Kutxak pandemiaren aurreko irabazien bilakaera berreskuratu du eta 150,5 milioi eurora iritsi da 2022ko ekitaldian. Hauxe izan da arrazoi nagusia: batetik, merkataritza jarduera gero eta biziagoak eta, bestetik, ohiko banku negozioaren marjinak pixkanaka normalizatu izanak urtearen bigarren erdian sortutako diru-sarrerak, azaldu du bankuak.

2022ko ekitaldia «ziurtasunik gabeko ingurune makroekonomiko aldakor batean» gauzatu da. Pandemiaren ondorio nagusiak gainditurik zirenean, Ukrainako gerrak eta horrek inflazioan izaniko inpaktuak baldintzatu dute banku zentralen diru-politika, eta urtearen azken zatian erreferentzia tasak igotzea ekarri dute.

Duela urte batzuetatik hona, Laboral Kutxaren finantza posizio nabarmenak agerian uzten du indarrean jarraitzen duela haren eredu kooperatiboak. Halaxe islatzen da ratio eta adierazle nagusietan: kaudimenenean, %22,24ko CET1 ratioa izan du ekitaldiaren amaieran, eta, horrenbestez, Laboral Kutxak «lider absolutu» izaten jarraitzen du bere erreferentziazko merkatuan; LTD likideziak diferentzia nabarmena ageri du, oraindik ere, gordailuen alde, %64,72ko ehunekoarekin, eta, errentagarritasunean, kreditu kooperatibak ia erabat berreskuratu ditu pandemiaren aurreko mailak –%7,67an kokatu da ROEa–.

Partida guztiak kontuan hartu ondoren, 168,9 milioi eurokoa izan da 2022ko ekitaldiko zerga aurreko irabazia. Dagozkion zergak deskontatu ondoren, 150,5 milioi eurokoa da kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurreko irabazi garbi bateratua; hau da, aurreko ekitaldikoa baino %38,4 handiagoa.

Jasangarritasunarekiko konpromisoa

Hipoteka maileguetara bideratuta dago kreditu kooperatibaren merkataritza jarduera nagusia. Horrela, entitateak berak kudeatutako higiezinen sustapenen kasuan, mailarik handieneko kalifikazio energetikoak (A eta B mailakoak, alegia) soilik sustatzeko erabakia hartu du.
Horrekin batera, etxebizitzen eta eraikinen energia-efizientzia hobetzen laguntzeko jarduera ildo garrantzitsu bat ari da garatzen, berotegi efektuko gas isuriak murriztearren.

Enpresei emaniko maileguei dagokienez, inbertsioaren %14k lotura zuzena du ingurumen helburuekin –energia berriztagarriak, garraio eta nekazaritza jasangarriak eta etxebizitzen birgaitze lanak eta efizientzia energetikoa–, eta %72 xede sozialetara bideratu da; esate baterako, ETE-etara, kooperatibetara, erakunde publikoetara eta gizarteratzera.