INFO

Osakidetzaren «zailtasunak» onartu baina «nahikoa mediku» ez dagoela dio Urkulluk

Osakidetzaren «gainbeheraren» inguruko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Lakuako Gobernuari Gasteizko Legebiltzarrean. Iñigo Urkullu lehendakariak «gainditu beharreko zailtasunak» dituela onartu baina «egoera katastrofikoa» irudikatzen saiatzea leporatu dio. «Nahikoa mediku» ere ez dagoela esan du.

Urkullu, ostiral honetako bilkuran. (GASTEIZKO LEGEBILTZARRA)

Osakidetzaren «gainbeheraren» inguruko galdera pausatu dio Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Iñigo Urkulluri Gasteizko Legebiltzarrean. Azkenaldian EAEko osasun sistema publikoan dauden «arazo handiak» aurreikuspen falta eta «eredu zehatz baten ondorioz» direla nabarmendu eta Urkulluk agintean daramatzan azkeen hamar urteetan Osakidetzaren egoerak okerreran egin duela leporatu dio. Azkenaldian osasungintza publikoa desegitearen aurka egin diren mobilizazioak ere ekarri ditu gogora, azkenak iragan asteburuan.

Horri guztiari aurre egiteko Gobernuak «irtenbide adostuak» bilatuko dituen galdegin dio Iriartek. Urkulluk erantzun dio «kontziente» direla «gizartearen beharrizanak handitzen ari direla» eta Osakidetzaren helburua dela «irtenbide adostuak lantzea, lortzea eta bideratzea», zehaztapen gehiago eman gabe.

EH Bilduko bozeramaileak gaian sakondu du; Osakidetza «atzera egiten» ari dela azpimarratu eta ez duela egungo arazoen mailako erantzunik ematen gaineratu du.

Gogoratu duenez, Lakuaren Soziometroan, enpleguaren atzetik, osasungintza 2. kezka gisa zerrendatu dute herritarrek. «Zer duzu herritar horiei esateko? Zein abulatoriotara deitzen duzue aurrez aurreko hitzordua lortzeko batez besteko itxaronaldia egun batekoa dela esateko, profesionalek itxaronaldia batez beste astebetekoa dela esten duten bitartean? Nola egiten duzue batezbesteko hori? Zeresana eman beharko lizuke herritarrek esaten dutena, profesionalek diotena....», bota dio Iriartek.

«Medikuek diotenean ez dituztela mimatzen, ez dituztela zaintzen, ez dituztela aintzat hartzen... erantzun egin beharko zaie... Zer egingo duzu egoera konpontzeko eta herritarei kalitatezko harrera bermatu eta profesionalak zaintzeko?», jarraitu du.

Iriarteren aburuz, Osakidetzak inbertsioak behar ditu, «egiten ditu, baina profesionalek pazienteak behar bezala artatzeko baldintza egokiak egoteko moduak eta bideak jarri behar dira: planifikazioa, antolaketa, kontratazio eredu aldaketa, garai hauei egokitutako kudeaketa».

«Inbertitzen duzuen dirua inbertitua ez bazarete gai herritarrei erantzuteko zerbaitek huts egiten du», erantsi du.

Urkulluk onartu du Osakidetzak «gainditu beharreko zaltasunak» dituela –«onartzen dugu eta kezkatzen gaitu»–, eta herritarrek bere «autokritika egiteko gaitasunaz soberan dakitela» esan du, baina «errealitate iluna, katastrofista» irudikatzen saiatzea egotzi dio EH Bilduri. Bere esanetan, ez dago «nahikoa mediku» egun dauden beharrak asetzeko.

«Itxaron zerrendak gutxitzen, Lehen Arreta indartzen eta langile guztien baldintzak hobetzen jarraitzen dugu», defendatu du. Osasun sistema publikoaren defentsarako elkarteen federazioaren txostenaren arabera EAEko osasun sistema Estatuko 2. onena dela aipatu du, eta sindikatuei Mahai Sektorialera 18 deialditatik «sei aldiz bakarrik joatea» aurpegiratu die.

Bere Gobernuak osasunean inbertitzen duen diru kopurua zerrendatu ondoren –2019tik aurrekontua 838 milioi handitu dela gogoratu du–, Lehen Arreta «lehentasuna» dela esan eta 2019an onartutako estrategia eguneratzen ari direla adierazi du. 

«Osakidetzak elkarrizketa eta adostasunaren jarrera mantenduko du», nabarmendu du Urkulluk.