INFO

Elly Schleinen erronka erraldoia

Alderdi Demokratikoko idazkari nagusi berriak korrontearen kontra egin beharko du igerian, bai alderdiaren barruan, bai eta Italiako egoerari begira ere. Dirudienez, gogoa ez zaio faltako. Baina nor da Elly Schlein agintari berria eta zer ekar dezake?

Elly Schlein, ezkerreko erreferentzia berria Italian, igandean hautatua izan ostean. (Alberto Pizzoli | AFP)

Itxaropenek errealitatearekin talka egin behar dute beti, nola edo hala. Are gehiago, politikan, esparru honetan ilusioa ezinbestekoa baita. Italian, Alderdi Demokratikoak (PD) ilusioa eta itxaropena, biak galdu zituen, erabat galdu ere, azken hauteskundeen emaitza txarrengatik. Giorgia Melonik traktore baten antzera zanpatu zituen besteak, beharbada berak ere espero ez zuen emaitza lortuta.

Arrakasta historikoa izan zen, eta ez soilik lehen aldiz emakume bat lehen ministro bilakatu zelako. Argiki, bere alderdiak, Fratelli d'Italia (Italiako Anaiak) ultraeskuindarrak, ezkerreko indar guztiek baino boto gehiago lortu zituelako baizik. Hori lortzeko, segur aski ezkertiar izandako hautesleenak ere jaso zituen. Zaplazteko horren ostean, beraz, Alderdi Demokratikoak zerbait aldatu beharra zeukan: Enrico Letta idazkariak dimisioa eman zuen eta horren ordezko bila hasi zen alderdia.

Lau hilabete iraun du prozesuak; gehiegi. Bistan da inork ez zituela eskuak zikindu nahi. Lau hilabete eta lau hautagai azkenean, bi gizon eta bi emakume. Eta, azkenik, buruz buruko lehia Stefano Bonaccini eta Elly Schleinen artean Alderdi Demokratikoaren barne hauteskundeetan, AEBetako ohiko tresnan oinarrituta. Bitxia bada ere, Emilia-Romagna eskualdeko lehendakaria (Bonaccini) eta lehendakariordea (Schlein) aurrez aurre.

Oraingoan, aldiz, bigarrenak lehena aurreratu du; Elena Ethel «Elly» Schleinek irabazi du, gutxigatik bada ere. Alderdi Demokratikoko militanteek emakumea hautatu dute: %54 Schleinentzat eta %46 Bonaccinirentzat. Emilia-Romagnako lehendakariak, bidean, putzu ugari zapaldu zituen; esaterako, barne hauteskunde hauen aurretik «Meloni kapaza» dela adierazi zuenean.

Aktibismoan buru-belarri

Orain ezkerrak ere emakumezko bat du buru. Elly Schleinek Alderdi Demokratikoaren barruan eginiko bidea nahiko gorabeheratsua izan da. 2014. urtean Occupy PD (Alderdi Demokratikoa Okupatu) mugimenduan parte hartu zuen, esate baterako: garai hartan gazte ezkertiarrek Alderdi Demokratikoa aldatu nahi zuten. Modan zeuden i rottamatori (txatar biltzaileak); besteak beste, Matteo Renzi, Italiako lehen ministroa izango zena.

Florentziako politikaria oso bizkorra zen. Ahalguztiduna zen uste faltsuari helduz, beranduago ia dena zaborrontzira botako zuen Renzik, baina oraindik ere bere alderdi propioak, Italia Vivak, pisu handia du. Adituen iritziz, bere helburu pertsonaletarako erabili zuen Alderdi Demokratikoa Renzik.

Europar Parlamentuan PDren ordezkari gisa aritu arren, alderdiko karneta ez du joan den abendura arte atera... eta barne hauteskundeek behartuta.

Schlein nolabait Renziren norabide berean zegoen, eta 2014. urtean Europar Parlamentura joan zen Alderdi Demokratikoaren ordezkari gisa baina, zentzugabea bada ere, PDren karnetik gabe. Beti kanpotik, alegia, barne hauteskunde hauek heldu arte. Iazko abenduan eman zuen izena azkenik, idazkaria izateko betebeharra zelako.

Schleinen jokabidea ez da ohiko parlamentari batena izan, aktibistarena baizik. Occupy PDn lehenengoz, eta hortik aurrera ia edozein protestatan bere aurpegia agertzen zen: Friday for Future-n Greta Thunbergen alde, Ipar Ligako Matteo Salviniren politikaren kontra, kaleko manifestazioetan, migranteak babesten...

Politika egiteko molde ezberdinak ez ziren gauza berria berarentzat. Bi aldiz, 2007an eta 2011n, Schleinek Barack Obamaren kanpainetan parte hartu zuen. Izan ere, inguru horrekin ageriko loturak zituen.

Lekukoa pasa dio Enrico Lettak, hauteskundeen ostean dimisioa eman zuen idazkariak, Elly Schleini. (Alberto Pizzoli | AFP)

Bere burua Alderdi Demokratikoan outsider gisa aurkeztu arren, luxuarekin lotutako historia du atzean: aberatsa da Schlein familia, oso. Bere gurasoak unibertsitateko irakasleak dira: aitak Estatu Batuetan jardun du; besteak beste, Johns Hopkins Institutuarekin kolaboratzen. Susannak, Ellyren ahizpak, Atenaseko Italiako Enbaxadan lan egiten du, eta Benjamin, bere neba, mundu akademikoan dabil Matematika irakasle.

Suitzan jaio zen Schlein, 1985. urtean, Luganon, hain zuzen ere. Bere sustraiak juduak dira, aitaren aldetik. Zehatzago, Galitziatik eta Ukrainatik datoz. Bere iraganari buruz hitz egiten duenean, adibidez ‘La nostra parte’ saiakera liburuan (bere filosofiaren «manifestua»), beste ikuspegi bat ematen du: «Philip Roth-en ‘Amerikako pastorala’ judua da, bai, baina ez oraingo israelzalea, Palestinaren aldekoa baizik». Scheleinek berak behin baino gehiagotan azpimarratu du ez dela «benetako judua», eta amaren sustraiak ere aldarrikatu ditu. Ez omen dago oso harro horretaz, alegia.

«ZTL-koen alderdia»

Emakumea, bisexuala, feminista eta patriarkatuaren aurkakoa («Ezkerrak bizirik jarraitu nahi badu, antipatriarkala izan behar da»), LGTBI+ mugimenduaren defendatzailea eta jasangarritasunaren aldekoa, ekologista. Baita ezkertiarra ere, noski, ekonomiari dagokionez. ‘La nostra parte’ saiakera lanean Yanis Varoufakis Greziako Ekonomia ministro ohiaren ideiekin ados ageri da

Egoera normal batean horiek ez lirateke arazo izango, baina Italian ez dago inoiz egoera normalik, Alderdi Demokratikotik hasita. Elkarte aski deserosoa izan da beti.

«Fusio hotzaren» ondorioz sortu zen 2006. urtean. Bere lehenengo helburua Berlusconiren aurka egitea zen, baina azken hamarkadan Il Cavaliere ez da aurkari bakarra izan. Ezkertiar asko «lapurtu» dizkio PDri 5 Izar Mugimenduak, baina beste boto batzuk eskuin muturrera joan zaizkio.

Sorrera hartan, batetik kristau-demokraziako ezkertiarrak (baina katolikoak, noski) eta bestetik, Alderdi Komunistaren oinordekoak (baina demokratikoak, nola ez) biltzen zituen PDk. Hala ere, batuketa –edo nahasketa– horrek azken urteotan gero eta gutxiago funtzionatu du. Batez ere, 5 Izar Mugimendua jaio ondoren, Alderdi Demokratikoari ezkertiar asko «lapurtu» dizkiolako, bereziki langileak, proletarioak.

Beste boto batzuk eskuin muturrera joan dira; Ipar Ligara eta, batez ere, Giorgia Meloniren Fratelli d'Italiara. Horregatik Alderdi Demokratikoa «ZTLkoen alderdia» bihurtu da (Zona a Traffico Limitato, hiriguneak alegia), hiri handietako erdiguneko biztanleek baino ez baitiote botoa ematen, Massimo Cacciari filosofo ezkertiarrak esan zuen bezala

Alderdiaren barruan asko ez daude konforme

Egiari zor, Elly Schleinek bere boto gehienak ZTL guneetan lortu ditu barne hauteskunde hauetan, aurreko «primarioek» baino bi milioi parte-hartzaile gutxiago izan dituztenak. Ustekabean heldu da kargura, baina okerrena da alderdiko organoek ez zutela idazkari berri gisa nahi; Bonaccini nahiago zuten beharbada. Alderdia apurtzeko arrisku hori konpondu beharko da, zatiketarik izan ez dadin.

PDren alde katolikoa edo «erreformista» benetan sutan dago eta Matteo Renzi, arrantzale baten gisara, Schleinekin deseroso sentitzen direnak sareetan harrapatzeko ahaleginean hasi da, erdirantz eramateko. Gogora dezagun ere idazkari berriak Renzik martxan jarritako legeak kritikatu zituela, «desberdintasunak handitzen» zituztelako. Horrenbestez, Schleinek Italia Viva alderdiarekin dituen harremanak oso hotzak dira.

Zer egingo du ataka honetan Schleinek? 5 Izar Mugimendua programak adosteko bilera batera deituko du. Baliteke; asteburu honetarako «deialdi antifaxista» bat egin dute elkarrekin, nahiz eta Alderdi Demokratikoaren jarraitzaile askok ez duten talde populistarekin ezer jakin nahi. Eta Ukrainari buruz? Idazkari berria Legebiltzarrean dago eta Kieveko Gobernuari armak bidaltzearen alde bozkatu zuen.

Eta Melonirekin zer?

Momentuz, arnasa sakon hartu beharko luke Schleinek. Historian sartu da jada, ezkerreko idazkari nagusi den lehenengo emakume gisa. Baina jendea irrikan dago, Giorgia Meloniren aurkako zerbaiten esperoan. Lehen hartu-emana telefonoz izan da, lehen ministroak Schlein garaipenagatik zoriondu nahi izan duelako. Mundu aldrebestu honetan emakume diruduna ezkertiarra da eta behe-mailatik datorrena, aldiz, eskuindarra. «Emakumea naiz, beste emakume bat maite dut eta ez naiz ama. Baina horregatik ez naiz emakume gutxiagotua». Horrela erantzun zion Schleinek Melonik Vox-en batzarrean egin zuen hitzaldiari («Ni Giorgia naiz, ama naiz...»).

Emakume izateko beste eredu bat planteatu du Schleinek, Meloniren autoapologiari erantzunez.

Italieraz esaera bat bada: «Bizikleta izan nahi zenuen? Pedalkadak ematen hasi orduan». Elly Schleinek idazkari nagusi izan nahi zuen, baina oraindik Bolonian bizi da, eta Emiliako hiriburuan bizikleta ia derrigorrezkoa da. Aldapa ugari ditu aurrean, Italiari neurria hartu aurretik.