Etxebizitzaren prezioa %7 inguru garestitu zen iaz Hego Euskal Herrian
Estatistikako Institutu espainiarrak (INE) argitaratu berri dituen datuen arabera, 2022an nabarmen garestitu zen Hego Euskal Herrian etxebizitzaren prezioa, %6,4 EAEn eta %7,3 Nafarroan. 2007tik izan den igoerarik handiena izan da, oso antzekoa etxebizitza berrien eta bigarren eskukoen kasuetan.
2022an nabarmen hazi zen Etxebizitzaren Prezioaren Indizea Hego Euskal Herrian, 2007tik izan den igoerarik handiena, Estatistikako Institutu espainiarrak (INE) asteazken honetan argitaratutako datuen arabera.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %6,4 garestitu zen batez beste; 2018an %5,4ko igoera izan zenetik aldakuntzarik handiena da. Nafarroan, aldiz, %7,3koa izan da igoera; azken urteotako aldaketarik handiena 2019an izan zen, indizea batez beste %3,8 igo zenean.
Motaren arabera, etxebizitza berrien prezioaren indizea %6,8 inguru igo zen iaz. Bigarren eskuko etxebizitzen prezioa, aldiz, %7,4 igo zen Nafarroan eta %6,3 gainerako hiru herrialdeetan.
Bestalde, iazko laugarren hiruhilekoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Etxebizitzaren Prezioaren indizea %1,6 jaitsi zen. Nafarroan, aldiz, %0,7 igo zen, Estatu espainoleko bigarren igoerarik handiena.
2022ko urritik abendura bitartean, Hego Euskal Herriko etxebizitzen prezioak nabarmen igo ziren 2021eko aldi berearekin alderatuta, Estatuko %5,5ko batez besteko igoeren gainetik. Hazkunderik handiena Nafarroan izan zen, %7,2koa; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, %4,9ko aldea izan zen.
Oro har Estatu espainolean etxebizitzen prezioa %7,4 igo zen batez beste 2022an; 2007tik izandako igoerarik handiena da, orduan %9,8 garestitu baitzen.