INFO

«Mobilizazio erraldoi baterako» deia zabaldu du euskalgintzak apirilaren 22rako Baionan

Euskal Konfederazioak eta Azterketak Euskaraz kolektiboak agerraldia egin dute, ostegun goizean, heldu den apirilaren 22an Baionan antolatu duten «mobilizazio erraldoia» aurkezteko.

Euskal Konfederazioak eta Azterketak Euskaraz-ek agerraldia egin dute Baionan. (Naiz)

Euskalgintzak hitzordu berria eman du, apirilaren 22rako, Baionan. Horrela jakitera eman dute ostegun goiz honetan Korail ostatuan antolaturiko agerraldian parte hartu duten ordezkariek.

Peio Jorajuriak (Seaska), Maider Heguyk eta Ihintz Olinekek (AEK), Maddi Bordagaraik (Uda Leku elkartea) Ximun Carrerek (Euskal Hedabideak), Luxi Detxartek (Biga Bai) eta Christelle Pucheuk (Euskal Haziak) hartu du hitza prentsaurrekoan.

Seaskako lehendakariari egokitu zaio azterketak euskaraz egiteko eskubideari uko eginez Parisko Gobernuak harturiko jokabidearen gainean lehenengo gogoeta plazaratzea.

Euskalgintzak zein tokiko hautetsiek luzaturiko eskaeren aurrean «Paris gor eta mutu dagoela» agerian jarri du Peio Jorajuriak azkeneko hilabeteetan eginiko desmartxa politikoen eta karrika dinamiken bilduma eginez.

Seaskako guraso, ikasle eta irakasleek okupazioak burutu zituztela iaz eta «poliziek oinarrizko eskubideak defendatzen zituzten herritarrak lotsagabeki zanpatu zituztela» oroitarazi du.

Bestalde, Euskal Elkargoak desobedientziaren bidea hartu zuela, ikasturte amaieran Brebet azterketa euskaraz egiteko eskubidea bortxatua izan zuten ikasleei diploma alternatiboa emanez nabarmendu du, baita iazko irailean Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat Hezkuntza Ministerioan ian zuen hitzordua ere.

Alta, «ele ederrez gain, geroztik ez da deus aldatu, eta Brebetaren berririk ez da, eta Baxoari buruz 2021ko zirkularrak dioena ere, froga batzuk euskaraz egiteko aukera emanez, ez
dute errespetatzeko asmorik», salatu du Jorajuriak.

Oroitzearren, aurten Baxoa pasatuko duten ikasleek bi aste barru izanen dituzte berezitasunen gaineko azterketak. Hiru hilabete eskas falta dira, berriz, Brebetaren frogarako.

Egoera horretan, «mobilizazio erraldoi baterako garaia iritsi da, Parisek entzun dezan Euskal
Herriaren ahotsa, Parisek entzun dezan, azterketak euskaraz nahi ditugula, eskubide bat baita, euskaraz bizi nahi dugulako», iradoki du Seaskako lehendakariak.

Hain zuzen apirilaren 22an Baionan iraganen den mobilizazioak aldarrikapen horiek astinduko ditu. «Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez. Euskarak bizi behar du» izanen dira manifestazioare lelo nagusiak.

Tokiko erakundeen konpromisoa ez da nahikoa

«Estatuak euskarari trabak ezartzen dizkio, euskarazko azterketak debekatuz, irakaskuntza euskaldunak dituen beharrak mugatuz, euskarari lege babesa ukatuz», salatu du, bera aldetik, Sebastien Castetek Euskal Konfederazioaren izanean. Izan ere, «Estatuaren ukazioaren aitzinean» tokiko erakundeek ez dutela aski egiten euskararen egoera aldatzeko agerian jarri du.

Hala, Euskalgintzako elkarteek bizi duten egoera larriaz oharrarazi du, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) aldetik finantzamenduari buruz 2017an harturiko engaiamenduak ez direla bete nabarmenduz.

Ondorioz, «gaur egun euskalgintza arlo prekarizatua da, langileak ez dira behar bezala ordainduak eta zenbait kasutan elkarteek ezin dute beren arloko hitzarmen kolektiboa errespetatu soldatari dagokionez», deitoratu du.

Ildo beretik jo dute Maider Heguyk eta Ihintz Olinekek, AEK-k bizi duen egoerari buruz hainbat datu esanguratsu emanez.

AEK, «diru-laguntza duinik ez»

Azaldu dutenez, «30.000 ordu kurtso eskainiko ditu aurten berriz ere AEK-k, 1.400 helduri euskara ikasi edo hobetzeko aukera emanez, baina Euskal Herria euskalduntzeko lan erraldoi honen aitzinean, diru-laguntza duinik ez dugu, langileek prekaritate berean jarraitzen dugu, ikasleek herriko hizkuntzaz jabetzeko beren sakeletik ordaintzen jarraitzen dute».

Aisialdia euskaraz bermatzen duen Uda Leku elkartearen egoera ez da hobea. Bere izenean Maddi Birdagarayk hitz egin du gaurko agerraldian «elkarteak ezin diola diru-laguntza publiko eskas horri aurre egin eta aurten 40 urte betetzen baditu ere bere biziraupena epe laburrean kolokan dela» gaineratuz.

«Euskara transmititu eta euskal hiztun osoaren kopurua mantendu eta areagotzeko euskara hutsez ari den prentsa saihetsezineko eragilea denez, publizitate instituzionalen bidez sar daitekeen diruaz gain diru-baliabide bereziak» behar dituela aldarrikatu du, bere hitzartzean, Euskal Hedabideak elkarteko ordezkari den Ximu Carrerek.

Murgiltze eredua gibelerat egiteko arriskua

Finean, Luxi Detxartek (Biga Bai) eta Christelle Pucheuk (Euskal Haziak) berdin sare publikoan zein pribatuan irakaskuntza elebidunak pairatu dituen murrizketen berri eman dute. Bigarrenak ohar kezkagarria egin du. «Aste honetan jakin dugu ondoko sartzean Arbona eta
Ortzaizeko eskoletako murgiltze saila desagertzeko zorian dela» iragarri du, egungo sistemak sortzen duen berdintasun eza salatuz.

«Haur bakar bat aski da eskola frantses hutsean segurtatzeko, euskaraz izan dadin, aldiz, burasoen, irakasleen, herriko etxeen eta ikuskaritzaren baimenak lortu behar dira, eta azkenean ikusten duguna da euskararen eskaintza murrizten dela», deitoratu du Chistelle Pucheuk.