INFO

Akordioa lortu dute Vulcanizados Zuloagan urtebete eta bederatzi hilabeteko grebaren ostean

Urtebete eta bederatzi hilabeteko grebaren ostean akordioa sinatu dute Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresan. Besteak beste, soldaten igoerak lortu dituzte, baina baita lan baldintzen hobekuntzak eta 2025etik aurrera enpresaren negoziazio eremua bermatzea ere.

Kimikako hitzarmena hobetzeko akordioa sinatu dute Vulcanizados Zuloagan. (ELA Sindikatua)

ELA sindikatuak lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du ostiral honetan Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresan, langileek 2021eko ekainaren 28an hasi zuten greba mugagabearen ostean. Akordioarekin, Kimikako Estatuko hitzarmena hobetuko dute, ohar batean azaldu duenez.

Lortutako hobekuntzen artean sindikatuak soldaten igoera nabarmendu du; izan ere, soldata txikienak –greban dauden langile gehienen kasuan– Estatuko hitzarmenak ezartzen duena baino %17 handiagoak izango dira.

Bestalde, greba amaitzeko akordioa 2024ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo da, bertan jasotako edukiak aplikatzeko bermeak ditu eta 2025etik aurrera enpresaren esparruan negoziatzen jarraitzeko aukera ere bermatuko da.

Gainera, ELAk jakinarazi duenez, gaueko lanaren plusa %20 baino gehiago handitu da, gaixotasun arrunten bajen osagarriak hobetu dira, larunbat eta igandeetako lanak arautu eta konpentsatzen dira, jaiegunetan lan egiteko aukera debekatuta dago eta laneko osasunaren arloan hobekuntzak adostu dira.

Isunak enpresari

Gogoratu beharra dago automoziorako piezak egiten dituen enpresak grebarako eskubidea urratzeagatik bi zigor jaso zituela. Lehenengoa 52.900 eurokoa izan zen, joan den ekainean, greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik eta bestea 65.000 eurokoa, azaroan, grebaren hasieran parte hartu behar ez zuten langileei 500 euro emateagatik.

Akordioa lortuta eta greba amaituta, ELAk azpimarratu du «grebalarien indarra eta batasuna, nahi baino gehiago iraun duen gatazkan». «Agerian utzi dute antolaketaren, borrokaren eta grebaren garrantzia», gaineratu dute.