INFO

EAJk babesa adierazi dio Szeklerlanden autonomiari, honen Askatasunaren Eguna dela eta

Luke Uribe-Etxebarria EAJren senataria Szeklerlandeko hiriburuan izan da, bertako Askatasunaren Egunean, herri honen autonomiari babesa agertzeko. Errumaniaren Estatu-mugen baitan dago Szeklerland eta autogobernu maila handiagoa eskatzen du.

EAJk Szeklerlanden Askatasunaren Eguneko ekitaldian parte hartu du. (EAJ)

Luke Uribe-Etxebarria EAJren senatariak alderdiaren babesa helarazi dio Szeklerlanden autonomiari, Marosvasárhely hiriburuan egindako ekitaldian. Herri honen Askatasunaren Eguna dela eta, Uribe-Etxebarriak, EAJk urtero egiten duen moduan, hiriburuan egin den elkarretaratzean parte hartu du.

Errumaniako Estatuaren menpe dago Szeklerland eta autogobernu maila handiagoa eskatzen du. Estatu horren erdialdean dago kokatuta, eta Transilvaniarekin muga eginez. Gutxiengo hungariar sikuluak bizi dira bertan eta 800.000 biztanle inguru ditu.

«Zuon arbasoak antzina-antzinatik bizi izan diren lurralde batean antzinako kultura eta hizkuntza zaindu eta bizirik mantentzeko egin duzuen lana» balioesteaz gain, Uribe-Etxebarriak Szekler herria animatu du «Europako borroka baketsu eta demokratikoan eskualde nazional baten biziraupenaren alde, nahiz eta Errumaniako kultura boteretsu eta aberatsak inguratutako eremu batean izan». Adierazpenok ekitaldian bildutakoen aurrean egin ditu, Izsák Balázs Szekler Kontseilu Nazionaleko presidentea tartean zela.

Aurrez aurre duten «lan zaila» agerian utzi arren, EAJko senatariak azpimarratu du bere aldarrikapena «guztiz koherentea dela Europar Batasunaren balio eta printzipioekin». Halaber, EAJ-Uribe-Etxebarriak adierazi du espero duela Szeklerren Askatasunaren Egun honek «beste urrats bat ematea autonomiaren bidezko eta arrazoizko helburu horretan. Helburu horretarako, Szekler herriari nazio kontzientzia, iraunkortasuna, elkarrizketa, elkarrekiko konfiantza, negoziazioa, zuzenbidea eta demokrazia» eskatu dizkio.