INFO

Paola eta Miren Uranga gogoratu dituzte Abanto Zierbenan, hilketa matxistaren 3. urteurrenean

Paola eta Mireia Uranga 2020ko martxoan hil zituen lehenengoaren aita eta bigarrenaren bikotea zenak. Ekitaldia egin dute Abanto Zierbenan, haien oroimenez zuhaitz bana landatuz.

Omenaldian aurreskua dantzatu diete hildako emakumeei. (NAIZ)

Emakumeen nazioarteko eguna dela eta Abantoko Talde feministak beste hainbat eragileren babesarekin antolatutako programazioaren baitan omenaldia egin diete Paola eta Miren Urangari. Ama-alaben hilketa matxistaren 3. urteurrenean, zuhaitz bana landatu dute haien oroimenez.

2020ko martxoan Paolaren aita eta Mirenen senarra zenak mazo batekin kolpatu zituen buruan eta, ondoren, lepoa moztu zien. 24 urte zituen alabak eta 56 amak, hiltzaileak aldiz, 57. Gizona bere buruaz beste egiten saiatu zen hilketen ondoren, eta Portugaleteko trasteleku batean aurkitu zuten. Erruduntzat jo zuten epaiketan eta 22 urteko kartzela zigorra ezarri zioten hilketa bakoitzagatik. Hildako emakumeen senideei indemnizazioak ordaindu beharko dizkie.

Epaiaren arabera, kondenatuak bi emakumeak «emakume izateagatik hil zituen, haiek dominatu nahian». Gainera, Probintzia Auzitegiak jakitera eman zuenez, gizonak «jarrera matxistak zituen eta emakumeak gutxiesten zituen, orokorrean, zenbaitetan istiluak sortu zituelarik».

Paola eta Miren Uranga oroitzeko plaka Abanton. (NAIZ)

Hilketaren ondoren Abanto Zierbenako udaletxearen aurrean elkarretaratze jendetsua egin zuten ehunka pertsonak. 5 minutuko isiltasunaren ondoren txalo zaparrada batekin omendu zituzten ama-alabak. Maite Etxebarria alkateak indarkeria matxistaren aurka borroka egiten jarraitzeko beharra azpimarratu zuen.