INFO

Polloeko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikarren omenez plaka bat jarri dute

Polloe hilerriko mausoleo frankistari esanahia aldatu nahi izan diote, eta horretarako, bertan lurperatutako gudari errepublikarrak omendu dituzte ekitaldi baten bidez. Lakuako Gobernuaren, Donostiako Udalaren eta Gogora Institutuaren lankidetzan antolatu dute ekimena.

Polloeko hilerrian gudari errepublikarrak gogoan (Jon Urbe | FOKU)

Polloeko hilerriko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikarrak gogorarazteko 17 milizianoen izenak dituen plaka bat jarri dute «Duintasuna» eskulturaren erreplikaren ondoan, igande goizean egindako ekitaldian. Lakuako Gobernuak, Donostiako Udalak eta Gogora elkarteak senideekin batera adostutako ekimena izan da.

Auzia 2022. urtean argitara eman zen Aranzadi elkarteko txosten batean: miliziano errepublikazale horiek Polloeko mausoleo frankistan zeuden, Erorikoen Haran txiki bat bailitzan.

Ekitaldiaren helburua tokiaren esanahia gaurkotu eta mausoleo horretan lurperatutako borrokalari errepublikarren oroimena duintzea izan da. 1936ko uztailean, altxamendu frankistaren eta gerrab hildako errepublikarrak gogoratu nahi izan dituzte. Horretarako, Polloeko hilerrian dagoen mausoleo frankistan, Iñigo Arregiren eskulturaren ondoan plaka jartzeaz gain, senideei Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa txostena eta eskulturaren erreplika txikia eman diete. Lore eskaintza ere egin dute, eta ostean aurreskua dantzatu.

Hogeita hamar bat senide bertaratu dira ekitaldira, ordezkari politikoak ere bertan izan dira. Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria; Ane Oyarbide Donostiako udaleko elkartasun eta eskubide zibiletako zinegotzia; Udalbatzako kideak; Julen Arzuaga eta Ion Gambra Gogoraren zuzendaritzako kontseiluko kideak; Jon Hernandez legebiltzarkidea, eta Juan Karlos Izagirre EHBilduren Donostiako alkategaia izan dira besteak beste. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Jose Antonio Rodriguez Ranz sailburuordeak hartu dute hitza.

Askatasunaren eta demokraziaren alde

Goiak azpimarratu duenez, egindako ekitaldiak eta milizianoen omenezko plakak «askatasunen eta gure hiriaren alde borrokatu zutenekin zorrak kitatzeko» bide bat egiten du. Memoria historikoaren ariketa bat egin dutela, eta toki horri dagokion «duintasuna itzuli» dietela. Frankismoak Euskal Herrian egindako «kaltea gogoratzeko eta konpontzeko espazioak berreskuratzen» jarraitzen dutela adierazi du. Aitortu du «pena bat» dela senitartekoek egin nahi zutena ezin egin izana: «Senide maitatuen gorpuzkiak atera eta duintasunez lurperatzea». Baina horren ordez, buruturiko ekitaldia «demokraziaren eta askatasunaren» aldeko ariketa izan dela azaldu du.

Jose Antonio Rodriguez Ranz sailburu ordeak, Polloeko mausoleoa jada «memoria demokratikoaren sinbolo» bihurtu dela adierazi du egindako ekitaldiarekin. «Egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa ere bada gaurko ekitaldia», gaineratu du.

1936ko altxamenduan errepublika, askatasuna eta demokrazia defendatu zutela esan du, «armek arrazoi demokratikoa suntsitu» zutela mahaigaineratuz: «Gaur hemen eskerrik asko esateko gaude, abanguardia izan zineten arrazoi demokratikoaren defentsan».

Gudariak gogoratzearekin batera Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimekin duten konpromisoan berretsi da Rodriguez Ranz: «Konpromisoa dugu memoria demokratikoarekin eta printzipio etiko eta demokratikoekin, eskubide urraketen aurrean eta totalitarismo zahar eta berrien benetako mehatxuen aurrean konpromisoa dugu».

Gudari errepublikarrak omentzeko ekitaldia
Gudari errepublikarrak omentzeko ekitaldia


Aranzadiren ikerketa

Donostiako udalak eta Gogorak sustatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa historikoaren eta aztarnen egoerare prospekzioaren ondoren hartu zen lekuari esanahia aldatzeko erabakia. Ikerketa horietatik ondorioztatu zen ezinezkoa dela mausoleo horretan lurperatutako gutxienez 17 biktima errepublikarren gorpuzkiak identifikatu eta berreskuratzea. Kalkuluen arabera mausoleo frankista horretan, 200 persona ingururen gorpuzkiak daude ehortzita.