INFO

50eko, 60eko eta 70eko hamarkadetako migrazioei buruzko dokumentala aurkeztuko dute Durangon

Durangon 50eko eta 70eko hamarkaden artean izandako migrazioak aitortzeko dokumentala aurkeztuko du Udalak datorren martxoaren 24an, Estatuko hainbat tokitatik iritsitako pertsonak omentzeko ekitaldi batekin.

Ekitaldiaren aurkezpena, astelehen honetan. (Durangoko Udala)

Durangoko Udalak ‘Trenak Ekarritakoak’ izeneko dokumentala aurkeztuko du martxoaren 24an, ostirala. Bertan, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan espainiar Estatuko hainbat tokitatik Durangora iritsi ziren ehunka lagunen testigantzak eta bizipenak biltzen dira.

Batez ere Andaluzia, Gaztela, Extremadura eta Galiziatik etorritako migrazio fluxuei buruzko ikerketa baten emaitza da Txelu Angoitia argazkilari durangarrak zuzendutako dokumentala.

Astelehen honetan egindako aurkezpenean Udalak jakinarazi duenez, omenaldia ere izango den ekitaldia Plateruena Kultur Aterpean egingo da, 19.00etan. Jon Maia bertsolariak zuzenduko du ekitaldia eta Xabier Aierdi soziologian doktore eta migrazioen ikerketan adituak hartuko du parte.

Gainera, Xabier Aburruzaga trikitilariak eta Gaspar Rodriguez flamenko gitarristak zein Aritz Lasarguren dantzariak eta Andaluziako Kultur Etxeko La Jara taldeak musika eta dantza emanaldiak eskainiko dituzte.

Etorritakoen ekarpenak aitortzea

Jatorri eta bizipen ezberdineko zortzi pertsonaren tesigantzak biltzen ditu ikus-entzunezkoak. Helburua «beste komunitate batzuetatik etorritako pertsonen bizitzaren alderdi desberdinak erakustea eta Durangon egin zituzten ekarpen positiboak aitortzea» dela nabarmendu dute.

«Gaurko Durango ezin da ulertu bere iraganari zein guraso edota aitona-amonen historiari erreparatu gabe. Era berean, adierazi nahi dugu Durangoko erkidego ezberdinetako etxeek funtsezko zeregina izan zutela harrera eta integrazio prozesu horretan. Horrela, aitorpen honekin geure buruari buruz eta inguratzen gaituenari buruz hausnartzeko gure ekarpen txikia egin nahi izan dugu», adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.