INFO

Paperjale jaio da, euskal literaturaren topagunea izan nahi duen gune digitala

Euskal irakurle eta idazleen topagune izateko helburuaz sortu dute Paperjale.eus plataforma digitala. Irakurzaletasuna sustatzeaz gain, liburutegi pertsonala online sortu, liburuak iruzkindu eta eztabaidetan parte hartzeko aukera eskainiko du. Gainera, beste euskal sare sozialekin lotuta dago.

Idazle eta irakurle euskaldunen topagunea izatea du helburu Paperjale egitasmoak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Paperjale sortu da, hitz gutxitan, euskal idazle eta irakurleen topagunea izan nahi duen gune digitala. Egitasmotik sustatzaileek azaldu dutenez, proiektuak zenbait helburu nagusi ditu, hala nola, irakurlezaletasuna sustatzea eta literatura «maite» duten pertsonentzat gune seguru bat eskaintzea.

Paperjale.eus plataformak erabiltzaileei aukera ematen die liburutegi pertsonala online sortu eta mantentzeko, irakurketak erregistratzeko, liburuak puntuatu eta iruzkintzeko, beste erabiltzaile batzuk jarraitzeko eta liburuen gomendioak jasotzeko. Baita liburuei eta literaturari lotutako gaiei buruzko eztabaidetan parte hartzeko ere.

«Euskarazko literaturaren bizigarri izan nahi du Paperjalek, baina edozein hizkuntzatako liburuak aipatu daitezke bertan», zehaztu dute astearte honetan. Plataforma erabiltzeko garaian, erantsi dute erabiltzaileek idatzitako kritikak, iruzkinak eta aipuak «gutxienez» euskaraz izan behar direla eta, «hala nahi duenak», beste hizkuntza batzuk ere erabil ditzakeela.

Webguneak ez du inolako helburu komertzialik eta musu-truk erabil daiteke. Edonola ere, proiektua diruz edo beste modu batera laguntzeko aukera eskaintzen zaie hala nahi dutenei.

Abaraska taldeak sustatua

Paperjale.eus martxan jarri duena Abaraska taldea da, software librea, euskara eta fedibertsoa sustatzen duen «euskaldun talde txikitxo bat». Euskarazko sare sozial libre eta ireki gehiago eskaintzen ditu, hala nola, Peertube.eus bideoentzako, Pixelfed.eus argazkientzako, Lemmy.eus foroentzako eta Paperjale.eus bera liburuentzako.

«Denak euskaraz, irekiak eta software librearekin eginak. Fedibertsoaren parte direnez, webgune batekoak zein bestekoak beraien artean jarraitu daitezke, baita beste sare sozial libreetakoak ere, adibidez mastodon.eus», zehaztu dute.

Proiektura batzeko modua paperjale.eus atarian izen ematea da.