INFO

LABek salatu du Adegik ez duela soldatetan KPIa bermatu nahi Metalgintzan

Adegiren jokabideak gatazkara daramatza Gipuzkoako Metalgintzako langileak, LABek aditzera eman duenez. Sindikatuak salatu du patronalak ez duela KPIaren araberako igoera bermatu nahi langileen soldatetan.

LABek egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gaur izan dute 4. negoziazio bilera Gipuzkoako Metalgintzan, eta Adegik aurrerapauso esanguratsurik ekarri gabe jarraitzen duela adierazi du LABek. «Soldatetan ez du KPIa bermatu nahi», sindikatuak jakitera eman duenez. Zehaztu duenez, igoera proposamena honakoa izan da: «2023an %4,5; 2024an %3; 2025ean %2,5, eta 2026an %1,5, 2026an KPIra arteko ezberdintasuna berrikusiz».

Gaineratu dute Adegik ez duela proposamenik egin aldi baterako ezintasuna dutenen osagarriei dagokionean eta lanaldi murrizketaz hitz egin nahi ez izatea leporatzen diote. Halaber, sindikatuak adierazi du berdintasun arloan sexu jazarpenaren aurkako protokolo proposamena aurkeztu duela patronalak. LABen iritziz, ordea, protokola eskas geratzen da sektorean benetan aurrera pausoak emateko, protokoloa bera ezinbestekotzat jotzen badu ere: «Oso garrantzitsua da, baina honek bakarrik ez du sektorea irauliko. Diagnostiko bat egitea da benetan aldaketak ekarriko dituzten neurri efektiboak adosteko abiapuntua».

LABen ustez, borrokarik gabe ez da hitzarmen duinik egongo eta hori da jarraitu beharreko bidea. Horregatik, gaurko 4. negoziazio bileraren aurretik, mahai intersindikala biltzera deitu du LABek eta bertan borroka plangintza bat helarazi die gainontzeko sindikatuei. Aditzera eman du datorren astean berriro bilduko direla ekimenak zehazteko. Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera, aldiz, apirilaren 3an izango da, sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez.