INFO

Hauteskundeen atarian, EAJ nagusi ekonomian, ez hainbeste Osakidetzan

Batzar Nagusietarako estimazioez gain, Aztikerren inkestak informazio baliotsua dakar hautesleen kezka nagusien inguruan. Alderdi nagusiak arazo hauen aurrean nola ikusten dituzten galdetu du lan demoskopikoak.

Gipuzkoako Batzar Nagusien saio bat, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Begiak nahi gabe emaitzen estimaziora joan arren, hauteskundeetarako bi hilabete luze falta direnean, interesgarriagoa izan liteke inkestatuek beste galderei emandako erantzunei erreparatzea, horiek ematen dutelako alderdi bakoitzaren indarguneen eta ahulguneen berri, baita hautesleen kezken berri ere.

Parte-hartzaileen laurdenentzat (24,5%), prezioen igoera eta bizitzaren garestitzea da egungo arazo larriena. %16,5entzat, ordea, Osakidetza eta beste zerbitzu publiko batzuk dira buruhauste nagusia. %10ek lan merkatua aipatzen dute; %6,7k, arazo ekonomikoak; eta %5,5ek, etxebizitza eta etxegabetzeak.

Arazo nagusi horiei irtenbidea emateko alderdi egokiena zein den galdetuta, gehiengoak (%28,5) ez du bat ere hautatzen. EAJ aukeratzen du %17,5ek, eta EH Bildu, %12,3k. Hirugarren PSE agertzen da (%8,4), laugarren Elkarrekin-Podemos (%6,5), eta azkenik PP (4,4%) eta Vox (3,3%).

Erantzunak gaika bilatuz gero, ordea, emaitzak bestelakoak dira. EAJren nagusitasuna nabarmena da prezioen igoerari aurre egiteari dagokionez, baita lan merkatuan sortutako arazoei irtenbidea emateko ere. Aldiz, Osakidetza eta zerbitzu publikoetan, gauzak estutzen hasten dira (%18,8 jeltzaleentzat; %15,4 EH Bildurentzat), eta erabat iraultzen dira, adibidez, etxebizitza eta etxegabetzeen atalean (%28,1ek EH Bilduren alde; %19,5ek EAJren alde). Ezker subiranista nagusi da arazoa egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa dela diotenen artean ere.

Arazoetatik harago, alderdiek hainbat gairen inguruan duten gaitasunaz galdetzen du Aztikerren inkestak. Beste behin, EAJ gailentzen da nabarmen ekonomia arloan, baina EH Bildurekiko abantaila gutxitzen doa hurrengo gaietan: politika sozialak, genero berdintasuna eta ekologia, zeinean berdinketa teknikoa dagoen. Euskararen arloan, azkenik, gehiengoaren iritziz, EH Bilduk dauka gaitasun handiagoa.